berezkoak
Neurketa erakargarri batekin abiatuko da Masterra
Jon LEUNDA | BAIONA
Baionako festekin batera izaten da Masterra eta gaur iluntzean, 20.00etatik aurrera, jokatuko dute lehen kanporaketa.
Azken urte hauetan bikote dezente izan ohi dira, baina aurten berriro ere laura pasatu dute lehiaketa, eta finalerdiak eta finala izango ditu txapelketa honek.
Hasteko, gainera, partida ezin erakargarriagoa jarri dute: Ibarrola eta Ozafrain, Larretxearen eta Waltariren aurka neurtuko dira.
Partida oso polita izango da, eta faborito gisa Ibarrola eta Ozafrain jo ditzakegu. Aurrelariak sakearekin asmatzen baldin badu, triskantza handia egin dezake, eta partida ere erabaki dezake. Horretan saiatuko dira.
Izan ere, Waltari atzean arituko da eta postu horretan ez da eroso aritzen pilotari kubatarra. Horregatik saiatuko dira aurkariak berak dituen gabeziak bilatzen, kintzea ahalik eta azkarren burutzeko.
Hori izango da Larretxearen eta Waltariren arazoetako bat, errestoa, alegia. Horretan ongi aritzen badira, eta lehen jokaldia ongi gainditzen badute, irabazteko aukerak izango dituzte. Errestoan hutsak egiten hasten badira, ordea, oso zaila izango dute aurrera egitea.
Amateurrak
Aurten lehen aldiz amateurren Masterra ere jokatuko dute, baina bertan ez du edozein amateurrek parte hartuko; gazteak baino ez, aurrera begira aukerak dituzten pilotariei eman nahi izan baitie aukera EPB enpresak.
Lehiaketa horretan ere lau bikote izango dira lehian, eta finalerdiak eta finala jokatuko dira. Gaur, 19.00etatik aurrera, L. Lanbert eta Amulet, Teilier eta Jeannotsen aurka neurtuko dira.
Bigarren finalerdia, berriz, bihar jokatuko dute, eta han Agirre eta Saldubehere, Goikoetxea eta X. Lanberten aurka arituko dira. Partidak Modernen jokatuko dira eta lehiaketa handiko neurketen aitzinetik jokatuko dira, gainera.