GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Ezetz da ezetz

Zirraragarria da gaueko plana. Berbena dago eta gaurkoan talde punkero ezagunak joko du. Denak etorriko dira, betiko lagunak, auzoetako koadrilak. Mundiala izango da gaua, hi.

Kontzertua hasi aurretik botilak atera dituzte boltsetatik. Kalimotxoa batez ere, bi litroko botilatan. Batzuek vodka eta coca-cola nahastu dituzte, beste batzuek whiskya, gin edo batek daki zer. Gozoa da. Barruraino sartzean kilikili egiten du sabelean.

Begira, Ane, Josu ere etorri dun. Ez esan! Josu? Non diagon? Han, ez dun ikusten? Mutil koadrila horren erdian. Ea, hurbildu haiengana, galdetu ea tragotxo bat nahi duten. Galdetu heuk! Ni ez naun ausartzen. Irrika, lotsa, batzuek besteei erdi bultzaka, Josu eta haren koadrilarengana hurbildu dira neskak. Goxo diagon hau, zer bota diozue jariguai honi? Ez galdetu eta edan.

Kontzertua hasteko dago eta oraindik ez dute amaitu bokata. Ea, goazen arin, lekua hartu behar diagu eta. Gainezka dago landa. Lehen ilarakoak zutik daude, dantzan, nork bere barneko erritmoari jarraiki. Atzeragokoak ere zutik daude eta erritmoa daramate buruarekin, eskuan katxi handia dutela. Azken partekoak jarrita daude lurrean. Hitz egiterik ez dago, noski, baina albokoaren belarrira hurbiltzen dute burua dunbotsaren erdian zerbait komunikatu nahian.

Talde hau gustatzen zaik? Zer dion, ea taldea zer? Ea talde hau gustatzen zaian! Barka, ez dinat tutik ulertzen! Galdetzen diat eta zer iruditzen zaian musika talde hau! Ez dinat entzuten, tira, goazen hemendik. Ez diagon hitz egiterik.

Burrunbatik urrundu eta bidexka batetik abiatu dira, arboladi bateraino. Musikaren habarrotsak lausotuago heltzen dira hona. Ea han jarriko diren galdetu dio Josuk. Ane, erantzun gabe, haren alboan jezarri da, emozioak hartuta, urduri. Josu lehen unetik gustatu zitzaion, eta ez du inoiz aukerik izan berarekin egoteko, koadrilan izan ezik.

Hizketarako giroa dagoen arren, ez diote elkarri ezer esaten. Ondo egoten dun hemen, ezta? Bai. Eta Ane suabe bultzatu du atzerantz, etzanarazi arte. Bihotza bularretik atera behar zaiola irudi du. Lehen aldia da mutil baten aurpegia beraren aurpegiaren aurrean duela hain hurbil, etzanda egonik. Musu bat eman dio eta Anek pentsatu du paradisoaren atetik sartu berri dela. Honelakoa izan behar du zeruak. Josuk bigarren bat eman dio, eta atzamar dardariek elastikoaren azpitik bilatzen dute Aneren gorputza, haren titiak, ipurmasaila. Ane ez dago eroso. Ez, esan dio, hori ez, geldi egon, mesedez. Baina Josu ez da gelditzen. Ezetz! esan dio serioago Anek, urduri jartzen hasia. Josuren begirada ez-berdina da orain, tinkotu da eta distira kamutsa antzematen zaio, zurruna. Arnasa sentitzen dio belarriaren alboan, hamar atzamarrak beste gorputz osotik xerka dabiltz. Jokua ez zaio gustatzen. Ez da hasierako zerua, paradisorik ez dago hemen. Ezetz, esan diat ezetz. Ez al duk entzuten?

Beste galaxia batetik itzultzen ari bazen bezala begiratu dio Josuk. Barka, ez naun konturatu. Ez dun berriro gertatuko. Zin egiten dinat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo