«Azkenengo asteak nahasi gaitu, baina uztaileko progresioa ona zen»
San Miguel Ligako lau estropada irabazi zituen Hondarribiak iazko uztailean, baina aurten oraindik ezin izan du garaipenik lortu lehiaketa horretan. Gainera, iaz lortutako Gipuzkoako eta Euskadiko tituluek jabe berriak dituzte aurten. Joxemi Elduaieni balantze txiki bat eskatu diogu eta hark zintzo erantzun du. «Zalantzak» dituztela onartu du, baina konparazioak egitea ez dela bidezkoa.
Larunbat arratsaldean iritsiko da San Miguel Liga Hondarribiko uretara, eta Joxemi Elduaien nahiko lanpetuta dabil egunotan. Hala ere, jator erantzun dio GARAk egindako deiari, eta denboraldi hasiera zintzotasunez aztertu digu.
Gaur aurkeztu duzue Hondarribiko XX. Ikurrina. Zer moduz doaz antolakuntza lanak?
Bai. Jada esperientzia pixka bat badaukagu eta dena prest dago. Baina, badakizu, arrauna itsasoan egiten da eta sekula ezin duzu erabat lasai egon. Hirugarren urtez Caja Madridek lagunduko digu babesletzan, eta ea dena ongi irteten den, iaz bezala.
Iaz etxean irabazteko ohorea izan zenuten eta, oso zaila dagoen arren, aurten ere zaleen aurrean lan ona egin nahiko duzue.
Zalantzarik gabe. Estropada guztietara joaten gara irabazteko ilusioarekin, baina etxean oraindik eta handiagoa. Berezia izaten da, mutilak animatzera jende asko etortzen da, eta irabaztera irtengo gara. Hori bai, oinak lurrean ditugu eta badakigu aurten gauzak oso zailak daudela. Bi faborito nagusi daude: Urdaibai eta Orio. Ligako zortzi estropada jokatu ditugu eta argi dago bi horiek direla oilarrak. Baina atzetik beste batzuk ere bagabiltza: gu, Castro, Zarautz, Pedreña... eta ziur denek nahi dutela Hondarribiko Ikurrina irabazi.
Uztaila joan zaigu: liga erdia ia, Gipuzkoako Txapelketa, Euskadikoa... Zer balantze egiten duzue Hondarribi aldean?
Arraroa izan da. Galizian gauzak ez ziren irten guk nahi bezala, baina bagenekien aulki mugikorretik iritsita denboraldi hasieran pixka bat kostatuko zitzaigula traineruari tamaina hartzea. Pedreñan laugarren izan ginen eta Telefonica Banderan hirugarren, gure txandan Urdaibai atzean utzita. Oso pozik geunden egindako lanarekin. Hurrengo asteburuan, bai Pasaiko erlojupekoan bai Plentzian, bigarren egin genuen eta dena bide onetik zihoan, nahiz eta garaipenak ez iritsi. Pena bakarra azken aste eta erdi honetakoa izan da. Gipuzkoako Txapelketan ziaboga estriborretik hartu genuen eta horrek pixka bat nahasi gintuen. Getxon, kalea txarra izan arren, ez genuen estropada ona egin eta Castron, proba polita egin eta gero, geure burua seigarren ikustea... Azken egun hauetan sentipen arraroarekin geratu gara. Eta noski, ezin dugu beti aurtengoa iaz lortutakoarekin konparatzen ibili, orduan inoiz ez delako nahikoa izango egiten duguna. Baina orain zalantza batzuk izan arren, azken astera arte progresio on batean geundela uste dut.
Aurrera begira, eta Gipuzkoan jokatuko diren estropadak baliatuz, progresio hori egiten jarraitzea al da helburua?
Bai, bai. Uztaila zapalgailu baten moduan iritsi da. Estropada asko, tartean bi txapelketa aurten aurreratu dituztelako, entrenatzeko ia denborarik ez... Ea asteburu honetan lan on bat egiten dugun eta Espainiako Txapelketak emango dizkigun hamabost egun horietan Mikelek (Orbañanos, entrenatzailea) ontziari azken ukituak ematen dizkion, Zarauzko eta Kontxako bandera garrantzitsuak prestatzen hasi baino lehen. Ziur nago Hondarribia azkarrago ibiltzeko gai dela oraindik.
Bukatzeko, jendeari deia larunbatean Hondarribira joateko beldurrik gabe.
Noski. Herriko jendeari betiko deia mutilak animatzera etor daitezen, aurten inoiz baino gehiago behar dutelako zaleen animoa. Eta gainontzeko arraunaren zale guztiei, Hondarribira bisita bat egin dezaten deialdia egin urtero bezala.
Asier AIESTARAN