Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Zuhaitzaren enborra, adarrak eta identifikazio kontuak
Estiloak erreferentzia moduan erabil ditzakegu baina, zorionez, musikaren izaerak berak zaila egiten du definizioa. Definizio hori liskarrerako erabili nahi dutenak kontraesanetan sartzen dira, musikaren eremua gainditu eta baloreak gehitzen dizkiote. Horrela ikusten ez dutenek, berriz, musikaren ahalmen guztiak erabiltzen dituzte aberastasunaren eta aniztasunaren bidean
Zuhaitz batekin alderatuta, musika enborra da eta musika estilo eta korronte desberdinak, berriz, adarrak («estiloak» munduan zehar egiten diren doinuak bata besteetatik desberdintzeko erabiltzen diren izenak dira). Urteetan zehar, estiloak enfrentamendurako tresna bezala erabili izan dira, eta askotan «desberdina» zena iraintzeko asmoz. Disko musika, adibidez, homosexualitatearekin lotu izan da eta disko musika gustukoa bazenuen homosexuala zinen (hori irain bezala erabilia izan da homosexualitatea txarra dela uste dutenen artean). Era berean, reggaea, «porreta» eta alferren musika izan da, technoa pilulazale eta pijoen musika, trikitixa baserritar ezjakin eta atzeratuena, klasikoa diruzale eta adinduena eta rocka garagardozale «matxo» tipo gogorren musika. Egia da musika guztiek sortu diren ingurunearen eta garatu diren garaiaren eragina jaso dutela eta jendeak, arrazoi desberdinengatik (ez da gustu kontua izan), eta batzuetan helburu zehatz batzuekin (komertzialak tartean), musika horiek ezaugarri batzuekin identifikatzen saiatu direla. Jende asko ezaugarri horiekin identifikatua sentitu da eta hori kezkagarria izan da (ideologia kontuaz gainera) musika estilo bati lotu eta gainontzekoak baztertu direlako. «Nire» musika ona da eta gainontzekoak (zurea tartean) kaka bat. Azken urteotan, zorionez, geroz eta gehiago dira estiloen mendekotasuna gainditu duten musikariak eta geroz eta ohikoagoa da estiloen arteko elkarketa, fusioa, nahasketa edo batura («maitasun harremana» esaten diogu guk). Baina hau ez da berria. Uler ote daiteke musika harreman hori gabe? Ska musika, adibidez, jamaikarrek sortu zuten, baina osagai nagusiak AEBetako rhythm and bluesa, jazza eta Karibeko soca eta kalipsoa ditu. Skaren garapenetik datoz rocksteady-a eta reggaea, eta raparen osagaiak dira funkia (base erritmikoan) eta reggaearen toasterra (abesteko eran). Nola uler daiteke house musika disko musikarik gabe? Eta rocka rhythm and blues gabe? Estiloen izenak erreferentzia moduan erabil ditzakegu baina, zorionez, musikaren izaerak berak zaila egiten du definizioa. Definizio hori liskarrerako erabili nahi dutenak kontraesanetan sartzen dira etengabe. Musikaren eremua gainditu eta baloreak gehitzen dizkiote. Musika liskarrerako tresna bezala ikusten ez dutenek, berriz, musikaren ahalmen guztiak erabiltzen dituzte aberastasunaren eta aniztasunaren bidean.