Lan istripuei aurre egiteko borondate eskasa
Herenegun, Juan Antonio B. Z. langileak zerrenda luze bateko azken lekua bete zuen, zerabilen hondeatzeko makina iraulita hil zenean. Zerrenda hori lan istripuan hildakoek osatzen dute eta luzea dela esatea ez da erretorika hutsa. Izan ere, kopuru ikaragarria da aurten beren lanpostuan hil diren langileena: 74. Azken asteak bereziki tragikoak izan dira -urrutira gabe, atzo Bilbon beste langile bat zauritu zen-; nolanahi ere, arlo horretako arazoa ez da azken asteotakoa soilik. Joan den urteko langile hilen batez bestekoak gutxienik bere horretan dirau, eta horrek esan nahi du arazoari eusteko borondateak ere, borondate eskasak, alegia, bere horretan dirauela. Sindikatuek behin eta berriz salatu dute hala enpresaburuen nola administrazioen jarrera, arrazoiz salatu ere, lan arriskuen prebentziorako neurriak, legezko neurriak, ez betetzeak ez duelako zigorrik ekartzen. Salbuespenak salbuespen, hala da; gehienetan administrazioek ezikusiarena egiten dute. Hartara, merkea, edo doakoa, da langileek istripuak jasaten segitzea. Noizbehinka, balantzeen orduan eta estatistika itxuraldatuen harira, lan istripuak eta horien ondoriozko hilkortasuna murrizteko helburu irmoak iragartzen dituzte, baina gertakari tamalgarriok errepikatzen dira, eta helburu horiek kausei helduta baino ezin dira lortu. Lan prekarietateari aurre eginda, beharrezko neurriak beteta eta betetzen ez dituenak zigortuta.