Berezkoen Masterra
Larretxea eta Waltari azken unean sartu dira finalean
Ibarrolak eta Ozafrainek partida beti kontrolpean izan zuten; aitzinetik izan ziren ia hastapenetik, baita 34 eta 38 arte ere, baina azken txanpan aurkariak haiek baino gehiago izan ziren
IBARROLA-OZAFRAIN
Jon LEUNDA | BAIONA
Larretxea eta Waltari gibeletik joan ziren finalerdi osoan, baina azken txanpara fresko heldu ziren, eta norgehiagoka ia galduta zutela zirudienean, neurketari buelta eman eta igandean jokatuko den finalerako txartela lortu zuten.
Jendeak Ibarrolaren eta Ozafrainen aldeko joera zuen neurketaren hastapenean, eta lehen bi kintzeetako berdinketaren ostean, faboritoak aurretu ziren. Tarte handirik lortu ez bazuten ere, beti aitzinetik ari ziren, eta neurketaren kontrola berena zen.
Bote asko
Partidaren azken txanpara ere Ibarrola eta Ozafrain aitzinetik sartu ziren, baina neurketa 34 eta 34 adostu zuten Larretxeak eta Waltarik, eta orduan zalantzak piztu ziren zaleen artean. Baina Nafarroa Behereko bikoak berriro ere ihes egin zuen, eta 34-38 aitzineratu zen.
Finalerdiak erabakita zirudien, baina ezustea orduan heldu zen. Larretxea eta Waltari indartsu sartu ziren azken txanpara, eta ez zuten barkatu. Lehen aldiz partidaren agintea hartu zuten, eta geratzen ziren sei kintzeak jarraian egin zituzten. Lehen partida irabazi zuten, nahiz eta ordura arte, beti gibeletik aritu ziren.
Oro har, norgehiagoka oso polita izan zen, bizi-bizia. Hala eta guztiz ere, partidako protagonista sakea izan zen, guztira 30 kintze egin baitzituzten hasierako jokaldiari esker. Ibarrolak 16 lortu zituen, baina atzoko partida irabazteko nahikoa ez zen izan, aurkariek 14 egitea lortu baitzuten.