GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Loiolako mirakulua

Josu Jon ez dago oporretan, nonbait. Hartu zituen egun batzuk maiatzaren 27an EAJk jasan zuen katastrofearen ondotik, baina itzuli da indar oroz, eztabaida politikoaren erdian kokatzeko asmoz. Espero zitekeenez, ezker abertzalearen aurka jotzen bukatu du atsedenaldia, eta segitu du EAJko jende asko sutan jarriz. Hori bai indarrak biltzeko gaitasuna!

Ez da itzuli den bakarra, alta: jeltzaleen toxikazio makineria osoa jarri da abian Loiolako mirakuluaren berri emateko. Izan ere, Loiolan aspaldiko gatazka gaindituko lukeen akordio politikoa lortu omen zen. Mirakulua ia eginik zegoen. Ez dakigu nola uztartzen zen PSOEren ustezko aurrerapen horiek errepresioaren aldeko apostuaz eta prozesua blokeatzeko egin zituen urrats zehatzez, baina Josu Jonek badio, amen!

Kontua da mirakulua ia eginik zegoelarik, deabru aidurra -beti aiduru dabilena- agertu zela santutegian eta berriz ere bere helburua lortu zuela, akordioa galaraztea. Gaiztoa!

Jakina: deabrua ezker abertzalea da, eta zehazki ETA. Oso gaiztoak dira ETAkoak, beren xede nagusia gaiztakeriak egitea da. Mirakuluak gorrotatzen dituzte, agertzen baitute zein boteretsua den Jainkoa. Batzuek pentsatu bide zuten Loiolako santutegia aterpe egokia izanen zela deabru zitalaren atzaparretatik babesteko, baina, to!: harat ere iritsi zen sugearen mihia!

Uste nuen sainduen bizitzaren ipuintxoak baztertuta zeudela, baina ikusten ari naiz oraingoz erabat modan daudela batzuen munduan. Jainko eta deabruen esparru horretan gaiztoak eta zintzoak badaude, eta Josu Jon Imaz arkanjel miresgarria da, dragoiaren mendekotasunetik salbatu nahi gaituena.

Mirakulurik ez Nafarroan, berriz. Bertan, EAJ eta PSOE zer egiteko prest dauden ikusi dugu: gatazkaren edukiak ikutu ez. Loiolan agertu omen ziren konpromiso horiek ez ditugu atzeman Nafarroan inondik inora. Zergatik? Nola ulertzen da Loiolan onartzen omen zutena Nafarroan erabat baztertzea? Honen errua ETArena da? Batzuei galdetuz gero, zalantzarik gabe: mundu honetako gaitz guzien erruduna ETA da.

Ipuintxoen mundutik at norberaren jarduera politikoa dago, eta nabarmena da EAJ eta PSOEren jarreretan ez dagoela konponbidearen mirakulurako aukerarik. Zorigaitzez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo