Sonia Gonzalez Idazlea
Espainol eta «demokrata» onak eskolatik (I)
Sistema kapitalistak bere ondasunak produzitu eta kontsumituko dituen peoiak behar ditu. Peoi engainatuak
Uda eta oporrak amaituaz batera, klaseak hasiko dira berriro gure ume eta gazteentzat. Hala ere, aurten, asignatura berriarekin hasiko dira, Hegoalde osoan ez bada, Nafarroan bai. Eta Iparraldean, antza, badaukate horrelako ikasgai bat martxan. Educación para la ciudadanía delako horretaz ari naiz, datorren urtetik aurrera derrigorra izango denaz.
Hala ere, asignatura hau ez da Frantziako, Espainiako edo PSOEren apeta hutsa. Agindua Europatik dator zuzen-zuzenean. Europako Kontseiluak proposatu eta 2002an «gomendioa» eman zitzaien estatuei «preocupado por la creciente apatía política y civil y la falta de confianza en las instituciones democráticas». Horrek «importante amenaza a la seguridad, estabilidad y crecimiento de las sociedades democráticas» dakarrenez, estatuek kontrolatzen duten irakaskuntza sisteman disfuntzio horiek bideratzen lagunduko duen ikasgai aproposa sartzera bultzatu dute.
Asignatura honen zirriborroan agertzen diren helburu eta edukiak berba potoloz beteta daude: «libertad», «tolerancia», «solidaridad», «deberes ciudadanos»... eta, zelan ez, «paz» eta «violencia». Dena prest lehen begiratu batean inork kontra egin ezin izateko, erreakzionario, intolerante eta biolentoa dela aurpegiratzerik nahi ez badu. Baina, sasi-demokrazia honetan ohituta gaudenez, hortik ez da pasatzen, sistema neoliberal honen kritika gaitasun batere barik.
Ikasgai berri honen zergatia erraz bezain maltzurra da:
Badakigunez, sistema kapitalistak bere ondasunak produzitu eta, era berean, kontsumituko dituen peoiak behar ditu. Peoi guztiz anestesiatuak eta benetako ardura barik. Baina, batez ere, peoi engainatuak, bakoitzaren bizitzean zein sisteman bertan eragiten duten erabakiak hartzeko gai direla sinistarazi behar die. Zeren eta sistema kapitalistaren tresna egokia den sasi-demokraziak bere burua legitimatu behar baitu denaren gainetik: hauteskundeetako pantomiman parte hartu eta zerbaiterako balio duela konbentzituta egon behar dira.
Hala ere, sistemak ez du berez funtzionatzen, ondo koipetu behar da makinaria osoa. Izan ere, hustasun espiral horrek hainbat frustrazio eta gaixotasun sortzeaz gain, arduragabekeria ere sorrarazten du sistemak berak behar dituen tresnetan. Bakoitza- ren bizitzan hartzen den erabaki bakarra produktu hau edo bestea erostean datzanean eta zerbaitek esaten digunean lau urtetik behin boza emateak askorako ez duela balio, orduan krak egitera heldu liteke. Horregatik ikasgai berri honen edukietan sakontzen da kontu horretan: «obligación de los ciudadanos de cumplir sus obligaciones cívicas», «valorar la importancia de la participación en la vida política»...
Jakina, beste gai batzuek ere badaukate lekua, betiere adoktrinamendu moduan, sistema neoliberalaren arrazoiak aztertu barik: «existencia de la pobreza», «conflictos en el mundo actual» eta, zelan ez, indar errepresiboen legitimazioa, «el papel de los organismos internacionales y las fuerzas de pacificación».
Oraindik ez dugu ezer komentatu zelan erakusten den espainol ona izaten eta bestelako kontutxo batzuk. Hurrengo artikulu- rako utzi beharko dugu, honi ia lerrorik gelditzen ez zaio eta!