Erruki Ezkurra, Mikel Luluaga Bai Euskal Herriari ekimeneko bozeramaileak
Geurea defendatzeko garaia
Gure herrietako balkoiak, kaleak eta festa guneak kolorez beteko ditugu Nafarroako ikurra eta ikurrinak jarrita, Euskal Herria bizirik dagoen herria dela adierazteko
Ez gara gu izan aste honetako azken berria dela-eta harridura aurpegiarekin geratu diren horietakoak. Izango ez garen bezala, Arkauteko Akademian daudenei gure elkartasuna helaraziko dietenak. Ez eta Eusko Jaurlaritzaren aldeko sostengu kanpaina hasiko dutenak ere, batez ere orain arteko jarreraren emaitza besterik ez baita Gorenak erabakitakoa. Zenbat alditan oldartu da Ertzaintza ikurrina udaletxe ezberdinetan jartzera zihoaztenen aurka? Zenbat inhabilitazio izan dira Jaurlaritzan bertan, ikurrina dagokion tokian jarri eta lege inposatzaile baten aurkako jarrera izateagatik? Beraz, Gorenaren erabakiak, nor harritu du? Gu behintzat ez
Akaso, uztailaren 6an San Fermin bezperako txupinazoan gertatu zena ahaztu egin al dugu? Herritar multzo handi batek «demokratikoki» aukeratutako zinegotzi baten aurkako erasoa izan zen, zergatik eta ikurrina udaletxeko balkoi batean jartzen saiatzeagatik. Udaltzain koadrila batek, Udaleko langileak, oso ongi bete zuen Barcina alkateak emandako agindua. Eta inork eman al zuen prentsaurrekorik hori salatzeko eta Udaltzaingoaren aurkako neurriak eskatzeko? Inor ez al zen harritu udaletxeko plazan hain ikurrina gutxi ikusi zirelako? Erantzuna oso erraza da, ikurrinaren aurkako jazarpenaren ondorio zuzena izan zen.
Beraz, ez da batere berria gure herriaren aurkako etengabeko erasoa, herritarren aurkako erasoak, azken finean. Egunero gure eskubideak urratzen dira, baina badirudi soilik batzuetan izan ohi direla albistegietako lehen irudi. Lehen aipatu dugun moduan, behin eta berriz ukatzen zaigu euskal herritarroi eskubide osoko herritarren estatusa. Orain ikurrinaren afera, aurreko egunetan euskal selekzioarena, hizkuntza eskubidea ez da gurean existitzen, ezin dugu geure esparru sozio-ekonomikoa defendatu... hots, Euskal Herrian inoiz baino indartsuago eta ozenago jarraitu behar dugu herri gisa bizitzeko ezinbestekoak diren oinarrizko eskubideen defentsan.
Egun hauetan Euskal Herria jai giroan murgilduta dago. Eta guk argi eta garbi daukagu gure herrietako jaiak herritarrontzat izan behar direla, herritarrok eginak, guretzat eta kanpotik bisitan etortzen direnentzat parranda eta giro euskaldun paregabean bizitzeko. Beraz, aitzakia ezin hobea dugu gure he- rria den bezala erakusteko, inongo lotsarik gabe, Euskal Herrian ongi etorriak direla, beti ere, euskal herritarron nahiak eta erabakiak errespetatzen badituzte. Beraz, apirilaren 8an Aberri Eguna zela-eta egin genuen bezala, gure herrietako balkoiak, kaleak eta festa guneak kolorez beteko ditugu Nafarroako ikurra eta ikurrinak jarrita, ikur horien kolore biziak hori adierazten baitute: Euskal Herria bizirik dagoen herria dela eta aurrerantzean ere bizirik jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, herritarrok geure egiten baitugu konpromiso hori, lege eta jarrera inposatzaile guztien gainetik.
Bukatzeko, desio bat baino ez: ea hurrengo harridura aurpegiak eragiteko gai garen, ukatzen gaituzten Estatu espainol eta frantsesaren aurrean euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatzeko eta Euskal Herriaren aitortza onartzeko marko demokratiko bat eratuta.