GARA > Idatzia > Euskal Herria

Orioko EAE-ANVk biltzeko eskatu die ZAEri eta alkateari Etxeluzen irtenbidea lortzeko

Orioko EAE-ANV udal taldeak Zarauzko Arraun Taldeko (ZAE) ordezkaritza bat eta Orioko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak, EAE-ANV barne, «ahalik eta azkarren» biltzeko eskatu du, Etxeluzeko arazoaren inguruan irtenbideak bilatzeko helburuarekin.

ORIO

Eztabaidagai bihurtu da Etxeluze eraikinaren ondoan egindako itxitura. Orioko EAE-ANV udal taldeak «herri honek dituen beste arazoetan bezalaxe, elkarrizketa da konponbidea, eta ez inposaketa», esan du eta, horren harira, «denboraldia bukatu bitartean, ZAErekin irtenbide adostu bat bilatzea bultzatu beharko genuke eta ondoren, ZAErekin eta Zarauzko Udalarekin eztabaidatu beharko genituzke izan daitezkeen irtenbideak».

Hamaika urtez Zarauzko arraunlariek erabili izan duten egoitza da Etxeluze eta ordenamenduz kanpo dago. Beraz, «ezin da beren beharretarako egokitu», gogoratu du EAE-ANVk. Hala ere, «ulertzen dugu ZAEk azpiegiturak behar dituela kirol jarduera gauzatzeko; baina, zoritxarrez, gaur egun Orioko herriak ezin dizkio eskaini».

Alderdi horren ustez«Zarauzko Udalak ardura zuzena du kontu honetan, zeren eta nabarmena baita bere utzikeria arazoaren kudeaketan. Alde batetik, goi mailako arrauna bultzatzen du, Zarauzko ikurrina antolatuta, eta, bestetik, baztertu egiten du bere herriaren izena daraman kirol taldea».

Jarduera horrek «herritarrengan sortu dituen ika-mikak eta nahigabeak» gogoratu ondoren eta arazoak aspaldi konponduta egon behar zuela aipatu eta gero, «Orioko alkate Jon Redondoren jarrera itxia» salatu du EAE-ANVk. «Itxiturarena berak bakarrik hartutako erabakia izan da», esan dute eta «Orioko Udala osatzen dugun beste zinegotziok ez dugu izan inolako aukerarik arazo hau eztabaidatzeko edota gure iritzia azaltzeko».

Udalak hartutako erabakia dela dio alkateak eta EAE-ANVren ustez, «nahastuta dabil, Udala ez baita bere jabego pribatua, ezta batzoki bat ere. Zorionez, herri honetan gauzak aldatu egin dira eta beste alderdiek (guztiek) badugu zeresanik».

jarrera itxia

«Orioko alkate Jon Redondoren jarrera itxia» salatu du EAE-ANVk eta Udaleko «beste zinegotziok ez dugula arazoa eztabaidatzeko inolako aukerarik izan» ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo