GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte Eguna egingo dute gaur Lekeition «Bildu eta irabazi» lelopean

LEKEITIO

«Bildu eta irabazi» lelopean egingo dute gaur Lekeition Gazte Eguna eta gazteriari eta jende guztiari gonbidapena egin zioten atzo Lekeitioko gazte asanbladako kideek, herrian bertan eginiko aurkezpenean.

Atzo esandakoaren arabera, «Lekeitioko gazteok argi daukagu indarra daukagula gure etorkizuna aldatzeko eta irabazteko eta, horregatik, `Bildu eta irabazi' lelopean antolatzen dugun gazte egun honetara etortzeko gonbidapena egiten dugu».

Antolatutako egitarauaren berri eman zuten eta arratsaldeko 15.00etan hasiko da Gazte Eguna bazkari batekin. Bazkalondoko kanten eta koplen atzetik, manifestazio bat egingo dute arratsaldeko 19.00etan.

Gaur Lekeition izango den Gazte Egunari bukaera emateko, gazteek hiru talderen kontzertua izango dute Lekeition: Etsaiak, Anestesia eta Deskontrol izango dira ikastolan, gaueko 21.30etik aurrera.

«Zuek ere gurekin batuko zaretelakoan, gonbidapena egiten dizuegu. Denon artean lortuko dugulako egoera aldatzea, bildu gaitezen eta irabazi!», esan zuten Lekeitioko gazteek atzoko aurkezpenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo