GARA > Idatzia > Euskal Herria

Afaldu eta musikaz gozatu ahal izanen da Etxarri Aranazko jaietako karpan

Etxarri Aranazko ezker abertzaleak jaietarako karpa prestatu du, egunero 120 lagunendako afariak eman eta mahai inguruan bildutakoek kantaldiak bezalako ekitaldi kulturalez gozatu ahal izan dezaten.

p026_f03_148x92.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Gaur hastekoak dira Etxarri Aranazko jaiak, 13.00etan botako den txupinazoarekin. Herri mugimenduak hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta horien artean, ezker abertzaleak karpa bat prestatu du bertan afariak eman eta afalondoa animatzeko asmoz. Izan ere, gaur hasi eta datorren ostiraleraino, egunero izanen dira ekitaldi kulturalak behin afariak eman eta gero. Afariak 120 lagunentzako prestatuko dira, hori da espero duten kopurua.

Ekitaldiei dagoekienez, gaur Oskar Estangaren eskutik Euskal Kantekin alaituko dute afalondoko mahaingurua, eta bihar trikitilarien txanda izanen da. Astelehenean Lapurdiko Lagunak kantariak espero dituzte, eta asteartean bertso-afaria izanen da, Xabier Silveiraren eta Iker Zubeldiaren saioarekin. Gauerdian, 2.00etan hain zuzen, Hesian taldearen kontzertua izanen da. Asteazkenerako Fermin Balentzia Iruñeako kantaria gonbidatu dute, eta ostegunean «Piano bat bertsotan» kantu emanaldiaz gozatu ahal izanen dute afaltzera karpara bildutakoek. Ostiralean, «Inutilaren eguna» ospatzen dela eta, Bizkargain fanfarrea ekarriko du ezker abertzaleak.

Gainerako ekitaldiak

Herri mugimenduko gainerako erakunde eta taldeek ere antolatu dute beraien egitaraua. Gaur goizean gazteek antolaturiko futbito txapelketaren finalak jokatzekoak dira. Txupinazoaren ondoren, Preso eta Iheslarien eguna ospatzen dela eta, bazkaria eginen du Anmistiaren Aldeko Mugimenduak, eta arratsaldean senideei omenaldia eginen diete. 20.30etan «Bautista etxera. Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe» manifestazioa izanen da.

Datozen egunetan Etxarriko Gaztetxean hainbat kontzertu burutuko dira. Bihar, 20.00etako «Kostillada»-ren ondotik, 23.00etan, Segala, talde sorpresa eta DJ Aiert musikarien emanaldiak aurreikusita daude, eta astelehenean, koadrilen jaitsiera eta gero, gauean, Kontsekuentzia eta La Bety Travan kontzertuak eta karaokea prestatu dituzte. Asteartean konzentrazioa eginen da 20.30etan «Herriaren hitza errespetatu» lelopean, eta ordu erdi beranduago, «Makrobotelloia» eta jokuak eginen dituzte Gaztetxean. Asteazkenean, Jubilatuen egunaren aitzakian bazkaria eginen dute gazteek, arratsaldean ekitaldiak izanen dira eta gauean Egurre eta Al Karajo taldeek joko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo