Euroagindua torturaren mesedetan
Estatu frantsesak atzo hiru euskal herritar -atxilotu arte Lapurdin bizi eta lan egiten zuten- Madrilgo Auzitegi Nazionalera bidali izana kezkagarria da, eta ez euroaginduaren ondorioa jasan dutenentzat eta haien senideentzat soilik, baizik eta euskal herritarren kontrako salbuespenezko tresnak erabiltzeak praktika demokratikoarekin zerikusirik ez duela uste dutenentzat, bai eta herri honentzako normalizazioa ez dela eskubide urraketatik etorriko pentsatzen dutenentzat ere.
Telletxea, Sagarzazu eta Irastorza martxoan atxilotu zituzten Baltasar Garzon Auzitegi Nazional espainoleko epaileak bidalitako euroagindu eskaerak direla-eta. Akusazioen oinarri bakarra Iratxe Sorzabalek 2002an Guardia Zibilak atxilotu zuenean egindako adierazpenak dira. Sorzabalek, ordea, torturatu zutela salatu zuen, eta haren gorputzaren argazkiak oso adierazgarriak dira, baita ikaragarriak ere. Auziaren aurrekariak ere adierazgarriak dira. 2003an Paueko auzitegi batek, Fiskaltzaren adostasunarekin, Irastorzaren eta Sagarzazuren estradizioari uko egin zion, Sorzabalek bakartze aldian jaso zuen tratuaren gaineko zalantzak argitu ezinik. Baina Estatu espainolak estradizio prozeduraren bidez lortu ez zuena euroaginduaren bidez lortu du, euroagindua, estradizioa ez bezala, prozedura administratiboa baita, auziko txostenen mamia taxuz ikertu behar ez duena eta, ondorioz, akusatuen berme juridikorik eza dakarrena.
Baina hiru euskal herritarron aurka aplikatutako euroaginduak Europan ere jarrarazten du arreta, demokraziaren balioen eta zuzenbidearen defendatzaile sutsua omen den lurraldean. Halako neurriak, torturaren kontu «ezerosoa» saihesteko aukera ematen dutenak, ez datoz bat aldarrikatutako balio eta berme horiekin.
Torturaren itzal astuna estaltzen duen kasu hau, ordea, ez da salbuespena. Atzo bertan lau gazteren salaketen berri izan genuen. Joan den hilean Euskal Herrian hain ugariak diren errepide kontroletan Guardia Zibilak geldiarazi eta kolpe eta mehatxu artean itaunketa egin zieten. Ez dira «aspaldiko kontuak» soilik.