GARA > Idatzia > Euskal Herria

Historiaz josita eta aspertzeko unerik gabe datoz Gasteizko jaiak

Txosnak irekitzeak jai giroa atzotik zabaldu bazuen ere, gaur hasiko dira ofizialki Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak. Aurtengo Zeledonen jaitsiera berezia izango da, historikoa. Festetako protagonista nagusiak mende erdi beteko du lehen aldiz, istripu eta guzti, «zerutik» jaitsi zenetik. Gainera, Gasteizko jaien ezaugarri den ekitaldi horren sortzaileek berek botako dute txupinazoa.

p022_f03_148x168.jpg

Jokin BEREZIARTUA | GASTEIZ

Badatoz! Hemen dira 2007ko Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak. Gaur, arratsaldeko seietan, Andra Mari Zuriaren plaza jendez lepo izango da, parrandarako irrikaz dagoen jendez beteta. Aurtengo jaien hasiera ekitaldiak, gainera, berritasun ugari izango du. Suziria, esate baterako, ez du alkateak jaurtiko, ohitura zen bezala. Haren ordez, Zeledonen aitak -panpinaren bederatzi sortzaileetatik lau izango dira San Migeleko balkoian- arduratuko dira eginbehar hunkigarri horretaz. Jesus Jimenez, Amado Lopez de Ipiña, Jose Luis Madinabeitia eta Luis Mari Sanchez izango dira horiek, hain zuzen ere.

Baina berrikuntzak ez dira horiek bakarrik. Izan ere, Gorka Ortiz de Urbinari -Zeledonen «bertsio gizatiarra»- ez dio Gasteizko Poliziak eskolta emango, ez. Zeledonen «segurtasuna» bermatzearen erantzuleak blusa boluntarioak izango dira.

Hobe plazan bero-bero -40 graduko bero kiskalgarria jasango dute bertaratuko direnek- bilduta dagoen jendetzak blusen lana errespetatzea, bestela, hain alaiak eta irrigarriak izango ez diren mementoak bizi daitezke eta...

Zeledon eta zigarro puruen kea

Berrogeita hamargarren urtebetzea ospatuko du gaur Gasteizko jaietara etortzen ziren nekazarien omenez sortutako panpinak. Eta urte horietan guztietan, nola ez, hainbat izan dira bizitako pasadizoak. Bere jaiotzaren urtean bertan, adibidez, istripu larria izan zuen Zeledonek. 1957. urteko abuztuaren 4 hartan panpinari eusten zion kablea hautsi eta San Migel elizaren teilatura erori zen, zintzilik metro batzuk egin ondoren.

1959ko jaitsieran, bestalde, sutea izan zen. Blusek ke-poteekin estali nahi izan zuten Zeledon. Ideiak arriskutsua ez bazirudien ere, sugarren batek dorreko egur batzuk erre zituen eta sutea eragin zuen. Hori gutxi balitz bezala, suhiltzaileek berandu erantzun zuten, antolatzai- leek abisu emana zietelako: «Kea ikusten baduzue, lasai, ez larritu, gu gara».

Hori ikusita, blusek kearekin duten «obsesioaren» zergatia aurkitzea interesgarria litzateke. Izan ere, ez oso aspaldi, zintzilika zetorren Zeledon zigarro puruen keak ia erabat estaltzen zuela ikustea ohiko argazkia zen. Baina, garai berriek, tamalez, argazki berezi horretaz gozatzea ezinezko plazerra bihurtu dute. Egia esan, garai berriak baino, xanpaiaren etorrera ezin arrakastatsuagoa izan zen ohitura horren galeraren errudun nagusia.

Hala eta guztiz ere, Gasteizko Udala ohitura hori berreskuratzeko ahalegin berezia egiten ari da, eta Andra Mari Zuriaren Plazara joango direnei zigarro puruak erretzeko eskatu die.

Tabakoaren aurkako kanpaina zorrotzek onartzeko moduko usadioa ez bada ere, atmosfera bitxi hori faltan sumatzen dutenek -bereziki ezagutu dutenek- Udalak bultzatutako kanpaina hori begi onez ikusiko dute, ziur.

Bestalde, atzo bertan, ehunka gasteiztarrek hainbat koloretako sei mila begonia jaso zituzten. Koloreak aukeratzerakoan eztabaidaren bat edo beste izan zen, eta hori ere ohitura da. Ekitaldiak, eta hori da garrantzitsuena, loreen «zapalkuntza bidezko heriotza» saihesteko balio izan zuen. Landare-sarraski bat ekiditeaz harro egon daitezke, beraz, lorezainak.

Beste alde batetik, zenbait agintari prest azaldu dira Zeledonen jaitsierak eragiten duen zabor pila itzela jasotzen laguntzeko. Ezohiko erabakiak, ezohiko jaietarako.

Txosnetara, nahitaezko bisita

Aurten ere Txosnen Batzordea protagonismo berezia izaten ari da Gasteizko jaietan -atzo, 21.00etan ireki zituzten txosnak eta Berri Txarrak eta Laia taldeek kontzertu bikaina eman zuten-. Jai ofizialak egun bat aurreratzeko arrazoia aurtengo festen «data desegokia» da.

2007ko jaietan «jarduera gehiagorekin, ekimen askotarikoagoekin eta ordutegi zabalagoarekin» datoz Txosna Batzordekoak. Txosnagunearen «bihotza» izango den 400 metro koadro baino gehiago dituen karpa eta guzti, beste behin ere «berezko izaera izango duen jai eredu ezberdin eta ezinbesteko» baten alde egin dute.

Ildo horri jarraiki eta apirilean Blusa eta Nesken Batzordearekin batera ezagutarazitako manifestuarekin bat eginda, Gasteizko jai ereduan aldaketa sakona proposatu dute. Hiritarren parte-hartze aktiboa bultzatuko den eredua, alegia.

Bestalde, aurtengo «Txosnisaria» Zeledoni emango dio batzordeak, eta prestatu duten egitaraua gainditzen zaila den horietakoa da. Besteren artean Berri Txarrak -atzo-, Fermin Muguruza eta Afro Basque Fire Brigade, Sex Museum eta Señor No musika taldeek joko dute, eta ezin entzutetsuagoak direla ezin ukatu. Oso kalitate handiko musikaz gain, herri bazkariak, haurrentzako jolasak, arratsaldeko denborapasak eta gaueko «magia» ez dira faltako unibertsitateen gunean.

Hala eta guztiz ere, txosnaguneaz gain, beste lekurik ere izango da gozatzeko. Aihotz plazan, gaztetxean edo Foru plazan ere izango da zuzeneko musika. Skalariak, Green Valley, Ojos de Brujo edo Paloma San Basiliok musika-gustu guztiak aseko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo