GARA > Idatzia > Kirolak

FINLANDIAKO RALLYA

Ford taldeko Gronholm eta Hirvonen lehenengo eta bigarren jarri dira

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Ford-eko gidari Marcus Gronholm eta Mikko Hirvonen finlandiarrek lehenengo eta bigarren amaitu zuten atzo, hurre- nez hurren, hilaren 2tik 8ra iraungo duen Finlandiako rallya. Aurtengo bederatzigarren proba da, eta bien artean lehia izan zen hasierako sei tarteetan. Lehenengo postuan txandaka aritu ziren. Azkenean, 4,4 segundoko tartea besterik ez zen izan bien artean. Hirugarren Sebastien Loeb frantziarra izan zen Citroen auto-markarekin.

Laugarren postuan Chris Atkinson australiarra geratu zen, 46,9 segundora. Hamar segundo gehiago behar izan zituen Petter Solberg-ek bosgarren postua lortzeko. Dani Sordok seigarren jarraitzen du atzoko saioaren ondoren, baina Henning Solberg norvegiarra oso gertu du atzetik. Xevi Pons Subaru taldearekin debuta egin zuen gidaria urte erdia zirkuitutik kanpo egon ondoren lehiaketara bueltatu zen, eta hamaikagarren postua lortu zuen.

Gronholm, lidergoan

Marcus Gronholm finlandiarra azkarrena da oraingoz, bai Munduko Txapelketaren sailkapen nagusian baita bere herriko rallyan ere. Bere taldean, Forden, pozik egon daitezke atzoko emaitzarengatik; izan ere, lehenengo biak Ford taldekoak izan baitziren.

Bestetik, azken hiru urteetako irabazle Sebastien Loebek, aspaldi Mil Lagos izena zuen ibilbidean inoiz irabazi ez duenak, bigarren postuari eusten dio sailkapen nagusian, 56 punturekin; finlandiarrak bederatzi puntu kentzen dizkio.

Gaur bederatzi tartez eta 188,56 kilometroz osatutako bigarren etapa lehiatuko da, rallyko luzeena. Goizeko seiak eta hogeian hasiko da eta arratsaldeko bostak aldera amaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo