GARA > Idatzia > Alaves

bigarren mailako beste taldeek

Alavesek Ogbecheren kontratua eten du

GASTEIZ

Alaves jokalari aldaketen sasoian murgildurik dago. Hala, atzo arratsaldean Bartholomew Ogbeche eta talde gasteiztarra afrikarraren kontratua eteteko akordio batera iritsi ziren. Ogbechek berez 2010 urtera arteko kontratua zuen Alavesekin.

Bestetik, berriz, azkeneko bi fitxatzeak aurkeztu zituen: Javier Tarantino ezkerreko laterala eta Samuel Bayon eskuineko erdilaria. Biak ere talde babazorroari «lana eta ilusioa» emateko gertu azaldu ziren.

Tarantino Athleticeko harrobitik datorren jokalaria da. 23 urteko bermeotarrak Athleticekin egin zuen debuta lehenengo mailan Javier Clementeren eskutik eta Numancia taldean utzita jokatu du. Erdiko atzelari, ezker hegaleko atzelari edo erdilari gisa joka lezake Tarantinok. Denboraldi-aurrea eta gero Athleticek libre utzi du bizkaitarra, nahiz eta «berreskuratzeko» oraindik aukera bat gorde duen.

Samuel Bayon kataluniarrak, berriz, 24 urte ditu, eta L'Hospitaletekin 2002an debuta egin zuenez geroztik eskuin aldeko erdilari gisa jokatzen du. L'Hospitaletez gain, Premia de Mar, Mataro eta Burgos taldeetako kide ere izan da. Hala, Gaztelako taldetik gasteiztarrenera egin du jauzi Bayonek, 72.000 euroren truke.

Bi jokalariek beren burua aurkeztu ostean, Carlos Lasheras Alaveseko kirol zuzendariak, oraingoz, talde babazorroak fitxaketa gehiagorik ez duela egingo esan zuen.

Horrez gain, Mateo, Mena, Pablo Casar, Toni Moral, Astudillo eta Galvezek ere gasteiztarrekin jarraituko zutela aitortu zuen Lasherasek, orain arte baino diru gutxiago irabaztea onartu baitzuten. Aldiz, Edu Alonsok zailago du jarraitzea, kontratuan duen diruaren %25 baino ez baitzaio eskaintzen.

5.300 harpidedun

Fitxaketa kontuez gain, talde gasteiztarrean bada nobedaderik. Pasa den asteartetik aurrera harpidedunen kanpaina martxan jarri zuen Alavesek eta iragan ostegunetik aurrera txarteldegiak zabalik jarri zituen harpidedun berriek beren karneta jaso zezaten. Bada, astebeteko denbora labur honetan 5.300 harpidedun lortu ditu talde babazorroak. Beraz klubak bere esker ona plazaratu nahi izan die zaletuei.

Azkenik, esan behar da gasteiztarrek Osasunaren aurkako partidaren osteko entrenamendua errekuperaziorako erabili zutela. Astudillok baino ez ditu arazo fisikoak eta bakarka jardun zuen. Arratsaldea libre izan zuten.

Zurutuza Eibarrera utzita

Eibar Kirol Elkarteak David Zurutuza jokalari berria aurkeztu zuen atzo Ipuruako futbol zelaian. Realak urte baterako utzi du eta «oso pozik» azaldu zen prentsaren aurrean 21 urteko Iparraldeko erdilaria. Gainera, Donostiako taldeak 2010 arte luzatu dio kontratua.

Rochefort-en jaiotako jokalariak, bestalde, ezingo du Realaren aurka jokatu, Eibarri uzteko baldintzetako bat horixe izan baita.

Horren harira, penatuta azaldu zen Zurutuza, «Realaren aurkako partida oso berezia» delako. Hala ere, «berrogei neurketa» izango dituela gogoratu zuen.

Eibarrera «ilusio handiz» etorri dela aitortu zuen. Ximun Duhour Eibarko atezain ohiak, bere «lagun minak», oso ondo hitz egin omen zion Eibarko taldeari buruz.

«Nire desioa Realean jokatzen hastea zen, baina ezin izan da. Dena den, gustuko dut Eibar. Iaz zaletuekin oso irudi ona eraman nuen Ipuruan jokatu eta gero. Ilusio handiz nator», aitortu zuen.

Azken egunotan «Manix» Mandiola «egunkarietan ikusi» du bere buruaz hitz egiten ari direla, eta horrek «konfiantza eman» diola aitortu zuen. «Hala ere, postua lan saioetan irabazi beharko dut», esan zuen.

Erdialdean aritzen da Zurutuza. «Erasora joatea gustatzen» zaio, baina «taldearentzat lan egiten» du. «Entrenatzaileak esandako postuan jokatuko dut», esan zuen azkenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo