GARA > Idatzia > Txirrindularitza

TXIRRINDULARITZA Donostiako Klasikoa

Italiarrek Tourrekoen erritmo biziari egin beharko diote aurre

Rebellinek, Cunegok, Di Lucak eta Riccok denboraldiko bigarren zatiaren lehendabiziko proba nagusia dute gaur, baina Tourretik datozen txirrindulariak sasoian helduko dira. Norgehiagoka ederra eta handia izango da Gipuzkoako errepideetan

p046_f01.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Italiar nagusiak ez dira Tourrean lehiatu, eta Donostiako Klasikoa dute xede gaur. Edonola ere, ez dira aise nagusituko gaur; izan ere, Tourreko txirrindulariek erritmo bizia izango dute oraindik, eta azkenak emateko prest azalduko dira proba ospetsua irabazteko. Ibilbidea betikoa da, 225 kilometro gorabehera eta Jaizkibel bukaeran.

Alde horretatik, izarrez beteriko tropela lortu du antolakuntzak, berriro ere. Ez da Astana lehiatuko hilabete bateko zigorra betetzen ari baita, bai beste Pro Tourreko guztiak, ordea; baita Relax, Fuerteventura eta Karpin ere.

Di Luca, Cunego, Rebellin eta Ricco karretista italiarrak -Bettini minduta dabil- ez dira Tourrean izan, eta denboraldiko bigarren zatia prestatu dute. Lehen erronka nagusia gaur izango dute Donostian. Aurkariak Tourrekoak izango dira; Parisko podiumekoak, Contador, Evans eta Leipheimer, ez dira arituko, baina bai beste guztiak, hala nola Sastre, Schleck, Valverde, Kirchen, eta Zubeldia, Astarloza eta Garate euskaldunak. Azkenik, Samuel Sanchez eta Gomez Marchante Espaniako Itzulia prestatzen hasi dira.

Partaidetza ikusita, lau talde nabarmentzeko dira: Saunier, Mayo euskalduna taldetik at dagoen arren; CSC; Caisse d'Epargne eta Rabobank. Horregatik, iaz Florencioko ustekabea ez da gertatu behar.

Ibilbideari dagokionez, ohikoa da; hau da, lasterketa luzea, 225 kilometro guztira, aldapatsua hain justu ere, eta Jaizkibelek egingo du aukeraketa helmugaratu baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo