GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Masterra

Larretxeak eta Waltarik hasieran erabaki dute finala

Zuraidekoa eta Kubakoa 0-16 aitzinatu ziren, eta horri buelta eman ezinean aritu ziren norgehiagoka guztian Etxeberri eta Ezkurra II.a

p044_f01.jpg

ETXEBErri-EZKURRA 21

LARRETXEA-WALTARI 40

Jon LEUNDA | BAIONA

Larretxeak eta Waltarik uste baino askoz ere errazago irabazi zuten Masterra. Izan ere, atzo Baionan jokatu zuten finala, lehiaketa horretako partidarik eskasena suertatu zen. Finalerdi dotore batzuen ostean, finala ere bikaina izango zenaren itxaropena bazegoen, baina berehala zapuztu zen dena.

Izan ere, finalaren gakoa hastapenean egon zen. Larretxeak eta Waltarik oso azkar, azkarregi egin zituzten hamasei kintze, eta 0-16koa jarri zuten markagailuan. Pilotan edozer gerta daiteke, baina maila horretako final batean, horren abantaila handia hartutakoan, oso zaila izaten da partida galtzea, eta atzo ere horixe gertatu zen. Tarte horretan, bost kintze egin zituen botez Larretxeak, eta gero beste zortzi ere berak egin zituen.

Ondoren, galtzaileen zazpi kintze heldu ziren, eta agian partida orekatu zitekeela uste zuten zaleek, baina ez zen halakorik gertatu, ondoren 13-29 aitzinatu baitziren txapeldunak. Hortik aurrera, partidaren amaieraren zain geratzea besterik ez zen falta, eta amaieran 21-40 finitu zen norgehiagoka.

Galtzaileak, eskas

Etxeberrik eta Ezkurrak ez zuten beren egunik onena izan. Etxeberrik kintze eder batzuk egin zituen, baina atzokoan ez zuen mailarik eman. Paxkal Ezkurrak, aldiz, hastapenean konfiantza galdu zuen eta gero ezinean aritu zen. Waltarik gaina hartu zion, eta pilota erraz asko utzi zituen erdi-erdian. Arriskuak hartzen ere ahalegindu zen, baina orduan ere gauzak gaizki atera zitzaizkion.

Beste aldean, berriz, gauzak alderantziz joan ziren. Larretxeak eta Waltarik abantaila hartzen badute, oso zaila da gero haiei aurre egitea, konfiantza handia hartzen baitute. Hamasei kintze aurretik jarri ziren, eta gero oso eroso jokatu zuten. Partida ona eta serioa egin zuten biek. Oso pilota gutxi galdu zituzten, eta amaieran ongi merezitako txapela jantzi zuten.

Waltari aurrelaria izan arren, atzean jokatu du Masterra eta kubatarra jendeak uste baino hobeto moldatu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo