GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eva Garuz Izagirre Irakaslea

LEPak subjektibitatea baino harago

EHAOn beste behin oposizioetarako oinarriak irakurri eta ez du zigorrarren berri ematen. Baina epaimahaiak aplikatu du

Pedagogia Terapeutikoko maistra bat naiz. Hamar urte daramat irakaskuntzan eta urte horietan lanean ibili naiz. Hori dela-eta, aurten oposizioetara aurkeztea erabaki nuen, horrek zekartzan ondorio guztiekin: umore txarra, behar bezala ez bizitzea... Hala ere, oposizioak prestatzeaz gain, lanean jardun dut ikasturte amaiera arte. Hilabete gogorrak izan dira.

Plaza ateratzen ez banuen ere, pozik geratuko nintzen eginiko lanarekin; eta hori ez da gutxi. Duela lau urte, 2003ko oposizioetara ere aurkeztu nintzen, baina ezin izan nuen behar bezala defendatu prestatu nuen programazioa eta, ondorioz, ez nuen plaza ateratzerik lortu. Izan ere, ez nuen halakorik merezi. Dena den, epaimahaiaren gupida lortu nuen, bosteko bat jarri baitzidaten!

2007ko uztailaren 20a zen. Ordenagailua pizteaz batera urduritzen hasi nintzen. Interneteko hainbat leiho irekitzen ziren bitartean, ametsetan jarduteari ekin nion eta neure buruari esaten nion: «Agian, hamar urte Pedagogia Terapeutikoan aritu ondoren pertsona profesional jantzia naizela ikusi dute, zergatik ez?» Horrenbeste izenen artean nirea topatu nuen. Horra non ikusten dudan bostaren itxurako zenbakia!

Bost bat! Seiren gainean putuatuko zutela pentsatu nuen, %60 balio baitzuen. Ez nuen inolaz ere pentsatu hamarren gainean puntuaturiko emaitza zenik. Beraz, lasai geratu nintzen, gustura. Orduan, horra hor non topatu nuen 6,722 emaitza zuen norbait. Nire emaitza bost ziztrin bat zela ohartu nintzen. Ezin dut deskribatu nola sentitu nintzen.

Ez naiz gai memento hartan zer sentitu nuen adierazteko. Orain, ordea, bai. Haserrea, justiziarik ezagatik. Geroztik, gauean ez dut lorik egiten, sinesgaitza egiten baitzait egoera. Burokrazia hutsa bada ere, bidegabekeria horri aurka egingo diodala erabaki dut. Jakin badakit oposizioak oso subjektiboak direla.

Hori dela eta, ni bezala Pedagogia Terapeutikoko azterketetara aurkeztu zen lagun bati deitu nion. Hala, nire programazioa ez ezik, unitate didaktikoa ere Indartze Neurrietan oinarriturikoa egin nuela aipatu nionean, gai hori hautatu genuenok zigortu gintuztela ohartarazi zidan. Izan ere, epaimahaian egon zen lagun batek esan omen zion, eta horrela jokatu omen zuten. Ondorioz, gai hori aukeratu genuenoi hiru puntu kendu dizkigute. Ez bat, ez bi... hiru! Ezin dut sinetsi! Baina bat-batean sekulako bakea sentitu nuen nire barnean, oraindik gehiegi ulertzen ez dudana, emaitza bera baita.

Lurralde Ordezkaritzara joan nintzen eta han, erabakiaren aurka egiteko orria hartu nuenean, beste maistra batekin egin nuen topo. Hark, bera ere zigortu zutela esan zidan bere programazioa eta unitate didaktikoa Indartze Neurrietan oinarritu zuelako. Hala ere, hari epaimahaikideek programazioaren defentsa egin aurretik jakinarazi zioten hori gertatuko zela.

EHAO (Euskal Herriko Aldizkari Ofiziala) berriz ere esku artean dut, mila bider izan dudan moduan. Beste behin oposizioetarako oinarriak irakurri eta ez dut horrelakorik ikusi, ez du zigorraren berri ematen.

Inolako zalantzarik egin gabe, sindikatura jo genuen. Han, jazotakoa benetan horrela izan dela adierazten duten frogak behar ditugula esan ziguten. Hori delaeta, zigorraren berri eman duten epaimahaikideen izenak eskatu zizkiguten. Baina guk zer egin dezakegu horren aurrean? Zer erantzun eman behar dugu? Horrelako egoera bateara iritsi behar al dugu pedagogoak izanda?

EHAOz gain, behin eta berriz irakurtzen aritu naiz azken urte hauetan jasotako heziketen, artikuluen... nondik norakoak eta zein modutan islatu ditugun eskatu zaizkigun lanetan. Horrenbestez, gure ikasleek (hezkuntza premia bereziko haurrak) hainbat erantzun izan behar dituztela diote ikuspuntu barne-hartzailea duten korronte berriek. Beraz, zertan ari gara? Zein modutan egin behar dut lan hurrengo urteetan?

Artikulua amaitu aurretik eskaera bat egin nahiko nizueke zuei, epaimahaiko maisu-maistrei. Alde batetik, gu bezala azterketariak izan zinetelako eta, bestetik, pedagogo zareten aldetik horren kontzientzia duzuelako. Horregatik, berriz ere hezkuntzan eta pertsonengan sinetsi ahal izateko zuengandik erantzunen bat jasotzea espero dut.

Bestalde, eskaera hau nire egoera berean aurkitzen diren beste maisu-maistra batzuei helarazten diet; elkar gaitezen eta gure eskubideak defenda ditzagun, haur horiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko aukera izateko. Gurekin harremanetan jarri nahi baduzue, hona hemen gure helbide elektronikoak: ega-ruz@irakasle.net eta itsas-kris@yahoo.es.

Ez dut nahi ez niretzat ezta nire lankideentzat ere merezi ez dugun ezer, GUREA dena, besterik ez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo