GARA > Idatzia > Arrauna

TKE

Zarautzek bere lehen garaipena lortu du San Miguel Ligan

Gipuzkoarrek bigarren txanda aise irabazi zuten eta haizearen laguntzatxoarekin ohorezko txandako ontziek ezin izan zuten haien denbora hobetu

p042_f01_148x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Zarauzko Enbatak San Miguel Ligako bere lehen garaipena lortu zuen Zumaiako uretan. Gipuzkoarrek bigarren txanda aise irabazteaz gain, denbora bikaina ezarri zuten (19.55.86) eta hirugarren txandako ontziek ezin izan zuten zarauztarren marka ondu -kontuan izan behar da haizea dezente harrotu zela-. Hondarribiak ere estropada ederra egin zuen, baina azkenean, 72 ehuneneko tarte estuagatik izan arren, trapua Zarautz aldera joan zen.

Berebiziko denboraldia ari da betetzen Zarautz. Uztailaren 25ean Gipuzkoako Traineru Txapelketa bere historian lehen aldiz irabazi ostean, atzo TKE Ligako bere lehen garaipena lortu zuen. Emaitza horiei maiatzean irabazitako Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa gehitzen badiogu, eta azken asteetan bizi izan duten egoera deserosoa -beste hitzik ez erabiltzearren- kontuan hartuta, ametsetako sasoia izaten ari da aurtengoa Jose Ramon Mendizabalen mutilentzat.

Zumaiako XXII. Ikurrina irabazi zuen tripulazioa hauxe izan zen: Ekhi Illarramendi, Gabi Larrinaga, Jose Mari Intxausti, Hegoi Intxauspe, Bersaitz Azkue, Mikel Zapirain, Txomin Iribar, Igor Palenzuela, Garikoitz Uranga, Miguel Angel Enriquez, Felipe Eizagirre, Iban Lopez, Unai Luzuriaga eta Gorka Aranberri patroi lanetan. Gainera, bi aste barru jokatuko den Zarauzko estropadan ohorezko txandan lehiatuko da etxeko taldea.

Esan bezala, ohorezko txandan Hondarribia izan zen ontzirik azkarrena eta azkenean bigarren postuan amaitu zuten Orbañanosen mutilek. Lehen eta hirugarren luzeetan atzerapen handia pilatu zuten haizearen erruz, baina barrura sekulako estropada egin zuten. Argi dago aurten ez direla zorte handirik izaten ari eta hirugarren aldiz bigarren amaitu zuten.

Lidergoari dagokionez, aldaketarik ez; Oriok puntu bat jan zion Urdaibairi eta orain bi puntuko aldea dute bermeotarrek. Atzeko postuetan, Cabo -bosgarren atzo- zulotik irten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo