GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | HONDARTZETAKO EKIMENA

Kantauri itsasoan kopromisoaren deiadarra zabaldu du Etxerat-ek

Lapurditik hasi, Gipuzkoa zeharkatu eta Bizkaiko kostalderainoko hondartza guztiak itsasoari begira jarri ziren atzo, konromisoari ateak zabaldu nahian. Kresalaren bustiduraz, gaixo diren eta euren espetxe zigorra betea duten presoak askatzeko eta, nola ez, euskal presoak, eskubide ororen jabe, herriratzeko konpromisoa galdegin zuen atzo Etxerat-ek olatuen joan-etorriarekin batera.

p012_f02_332x312.jpg

Oihana LLORENTE

Dozena bat kanpai-hots entzun orduko, ehunka lagun bilduak ziren jada euskal kostaldean, Etxerat-en hitzorduari jarraiki. Eguraldi iragarpenak ez zituzten aldeko, ordu horretantxe, hain justu, itsasbazterrean enbata sartuko zela baitzioten hainbat adituk. Baina Estatu espainolak eta frantsesak espetxe politikarekin oporrik hartzen ez duten bezala, euskal preso eta iheslari politikoen lagun eta senideek ere ez zuten jai hartu atzokoan.

Enbataren arriskuaren gainetik, zapi zuriak soinean jantzi, eguzki izpiek gorputzean kalterik ez egiteko krema apur bat eman eta, noski, ahaztu gabe, euren lagun edota senideen argazkiak bizkarrean hartu zituzten. Den-dena prest zutenean, zapatak kendu, pankartak zabaldu eta amnistiaren edota presoen herriratzearen aldeko banderak goratuta hondartzara jaitsi ziren, egun hauetan Euskal Herrian gainezka egiten duten turisten harridurarako.

Euskal preso politikoen senideak biltzen dituen elkarteak SOS deia zabaldu zuen duela egun gutxi. Atzoko hitzorduak ere xede bera zuen, presoek bizi duten egoera «ezin larriagoa» baita, euren esanetan. Hortaz, atzo bandera gorria goratu eta egoera eraldatzeko konpromisoak galdegin zituzten.

Hareatzak laino artean egon arren, ez ziren gutxi izan eguerdi partea etzaulkian lasai-lasai igarotzeko hautua egin zutenak, are gutxiago euren seme-alabekin hondarrezko gazteluak egiten goiza pasatzeko aukera aprobetxatu zutenak. Donostiako Kontxako hondartzan, adibidez, lan nekeza zen eskuoihala zabaltzeko beta ematen zuen lur eremua topatzea.

Horiek horrela, milaka begi eta belarritara iritsi zen atzo Etxerat-en oihua. Gaixorik dauden edota zigor urteak beteta dituzten presoak askatzeko eta euskal presoak, dagozkien eskubideen jabe, Euskal Herriratzeko oihua, hain zuzen ere.

Joan den astean Euskal Herriko errepide sarean egin bezala, atzo hondartzetara iritsi ziren preso eta iheslariekiko elkartasun keinuak. Bertan ziren atzerritarrak, ordea, zur eta lur geratu ziren haiei begira, mapa beltz baten inguruan marraztuta dauden gezi gorriek zein esanahi izango zuten euren buruari itaunduta. Etxeko txikienek ere, hondartzan, ontzi eta eskuareaz baliatuta, ohiko duten langintza alboratu zuten eta gurasoengana di-da hurbildu ziren presoen argazkiek sortutako jakinmina asetu asmoz.

Pankarten atzean bildutakoak, ostera, hizkuntzen ezagutzan iaioegiak ez direla frogatu arren, zeinu bidez edota ingeles makarronikoan protestaren nondik norakoak azaltzen ahalegindu ziren jakinguraz hurbildutakoei. Hainbat herri, ordea, aurreko urteetako esperientziaz baliatuta, hainbat hizkuntzatan idatzitako eskuorriak barra-barra banatzen aritu ziren.

Nola edo hala, hondartzetan bildutako guztiei euren senideek bizi duten egoera azaldu zieten. Larriki gaixo dauden preso ugari, gaixotasunen sorleku diren espetxeetan bahituta dituztela esan zieten. Asko eta asko euren espetxe zigorra osorik edota hiru laurdenak beteta izan arren, oraindik ziega ilunetan dituztela ere esan zieten.

Eurek, senideek berek, bizi duten egoera ere azalarazi zieten haiengana hurbildu ziren turistei. Astebururo milaka eta milaka kilometro egitera behartuak direla esan zieten, 40 minutuz horrenbeste maite duten pertsona hori ikusi ahal izateko. Senide horietako batzuek, hamabostek, hain zuzen ere, bidaia horietan heriotza aurkitu dutela ere esan zieten txundituta zeuden entzuleei.

Kontatzen hasiz gero, amaigabeak dira euskal preso politikoei eta euren senide eta lagunei biziarazten dizkieten egoera samingarriak. Euskal Herrira oporretan etorritako askok ez zuten egoera horren berri, eta erabat harriturik begiratzen zioten sentimendu osoz egoera hori azaltzen zion senideari. Ziurrenik, behin oporrak amaituta, etxerako bueltan direnean, Euskal Herriaren edertasuna erakusten duen postalarekin batera, bertan bizi den gordintasuna ere gogoan izango dute atzo Etxerat-en ekimenarekin topo egin zuten horiek.

Ekimenak non-nahi

Donibane Lohizunen aurreneko aldiz egin zuten atzo presoen aldeko ekimena. Bertako argidorrean, ordea, euskal presoen aldeko pankarta erraldoia eskegi zuten. Estatu frantseseko defentsa ministro Michele Alliot-Mariek Ziburun duen etxearen parean, hain zuzen ere. Lehiotik bertatik, argi eta garbi irakurri zuen euskal gizartearen gehiengo handi baten eskaria; baina dirudienez, ez zuen begi onez ikusi, etxe inguruan zituen poliziek bideo kameraz baliatuta presoen aldeko elkarretaratzean zeudenak grabatu baitzituzten.

Hendaiako hondartzan 300 lagun bildu ziren presoen eskubideen alde. Hondarribian, aldiz, 100. Getarian 120, Deban bezalaxe, eta Saturraranen 230 pertsona batu ziren.

Zarautzen 180 lagun bildu ziren eta Mutrikun 103 izan ziren; baina bi herri horietan hondarraren gaineko ekimenaz harago, hainbat txalupak itsaso zabalean aministia aldarrikatu zuten. Orion, 325 pertsona egon ziren Etxerat-en ekimenean baina han ere, itsasoan barrena ere zabaldu zuten oihua, oraingoan surflarien eskutik.

Gipuzkoako hiriburuko hiru hondartzak protesten agertoki izan baziren ere, hiru taldeak Sarriegi plazan elkartu ziren ekitalditxo baten ostean, herri bazkaria egiteko. Orotara, 380 lagun bildu ziren Donostian.

Bizkaian, aldiz, Bakion 130 lagun bildu ziren; Lagan 140; Laidan 195; Ean 138; Mundakan 64 eta Ondarroan 383. Plentziako eta Gorlizen, aldiz, txalupa eta guzti ibili ziren 176 lagun.

Etxerat-ek itxaropena du oinarri. Argi dauka gainera, gizartearen konpromisoaz euskal presoak eta iheslariak etxera ekarriko dituztela. Horiek hala, «bihotzez minduta eta haserre» konpromisoaren deiadarra Kantauri itsasoan barrenazabaldu zuen. Orain, bueltan, norbanakoen konpromisoen zain geratuko dira, bare-bare dagoen itsasoari begira. Haiek dioten bezala: «Bideari gara lotuko, loturak askatzeko...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo