GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alerte OGM kolektiboak kanpaina abiatu du transgenikoak ez zabaltzeko

Estatu frantseseko biztanleen %80k ez du transgenikorik nahi janarian. Hala ere, JAOak zabaltzen ari dira, inork deus galdegin edo jakin gabe. Horri aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko transgenikoen kontrako kolektiboa «Hemen JAOrik ez» dioten kartelak zabaltzen ari da.

p018_f02.jpg

GARA |

Nekazariak, kontsumitzaileak eta bertze hainbat lagun ari dira Ipar Euskal Herrian Alerte OGM kolektiboaren inguruan lanean. Transgenikoak landatzea debeka dezatela exijitzen dute, baita noiz jaten diren eta noiz ez jakitea ere. Izan ere, elkarteko kide Jon Harluxetek azaldu digunez, herritarrek ez dute kontsumitzen dituzten elikagaiak jitez aldatuak diren edo ez jakiteko modurik eta, beraz, ondorioen berririk ere ez dute. Haizeak, erleek... polena arto batetik bertzera eramaten dutenez, bioekoizleak babesik gabe gelditzen dira.

Estatu frantseseko biztanleen %80k transgenikorik jan nahi ez duela jakinarazi digu Harluxetek. «JAOak (Jitez Aldatutako Organismoak) zabaltzen ari dira, inork deus galdegin edo jakin gabe ¯adierazi du¯. Gaur dakigun gauza bakarra da Akitanian 5.067 hektarea badirela, departamendutan 1.244 eta Bidaxuneko kantonamenduan 480». Bidaxuneko kantonamendua txapelduna da OGM landareei dagokienez eta, hori salatzeko, makina bat ekitaldi egin zuten larunbatean Akamarre herrian.

Laurehun bat lagun elkartu ziren «kalitatezko janaria sustengatzeko eta JAOen lehen biktimak, bioekoizleak, babesteko». Horiek bizi duten egoeraren adibide, Biarnoko kantonamenduko nekazari bati gertatutakoa azaldu digu Harluxetek: «Jakina zen inguru horretan transgenikoak bazirela, baina nekazari horri arto biologikoa pozoindu dio norbaitek eta, horregatik, ekoizleak ezinen du produktuaren ohiko ebaluaketa egin».

Larunbateko mobilizazio egunean mintzaldia egin zuten «inongo gizarteren eskaerak ez duela JAOren ereitea eta zabaltzea justifikatzen» erakusteko. Akamarreko hautetsi bat moratoriari buruz solastu zen eta Maurice Coudoin erlezainak bere esperientziaren berri eman zuen. JAOek Coudoinen ekoizpena kutsatu dute eta bi urte darama borrokan.

Erresistentzia herritik abiatu

Hitzaldiaren ondotik, «Hemen JAOrik ez» dioten afixak plazaratu zituzten, auzapezei saltzeko eta mezua zabaltzeko asmoz. Sarakoa izan da erosten lehena. Lantegiak ere egin zituzten, jitez aldatutako artoak nola identifikatu erakusteko.

«Estatuak ez badigu informaziorik ematen, gizarteak egin behar du. Hau da kanpainaren xede bat, baita herriak horrelako landaketarik ez duela nahi erakustea ere», dio Harluxetek.

bospasei enpresa

Alerte OGMko kideek azaldu zutenez, interes pribatuak daude landaketa horren gibelean. «90eko hamarkadan kimika, haziak eta bioteknologia batu ziren mundu mailan. Bospasei enpresa handi dira eta Monsanto da ezagunena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo