GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikurrinari omenaldia eta presoen bazkaria atzoko protagonistak

Atzokoa «egun handia» izan zen Gasteizko jaietan. Hamaika ekitaldiren artean, ikurrinari omenaldiak eta presoen aldeko bazkariak bildu zuten, beste behin ere, jende gehien. Jose Luis Bastida «Txapi»ri eman zioten ikurrina, Arabako kulturari egin dion ekarpenagatik. Bestalde, Landatxon, 300 pertsona inguru bildu ziren, urtero bezala, euskal preso politikoen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko.

p020_f02_421x414.jpg

Jokin BEREZIARTUA |

Jai guztietan izaten da «egun handia», bertakoentzat berezia izaten dena, eta, oro har, egun horiek egitarau potoloena izan ohi dute. Gasteizko jaietan atzo izan zen aipatu egun handia. Egun osoan era guztietako ekitaldi ezberdinak izan baziren ere, aipagarrienetarikoak ikurrinari omenaldia eta presoen aldeko bazkaria izan ziren.

Zeledonen jaitsiera gogoangarriaren osteko parranda bukatu «ezin» zuen jende dezenterekin esnatu ziren atzo Gasteizko Alde Zaharreko kaleak. Egia esan, egitarauaren eskaintza zabalari erreparatuz gero, gaupasa egiteko egun aproposa aukeratu zuten horiek guztiek.

Plaza Berria 13.ooetarako jendez lepo zegoen Blusen eta Nesken Batzordeak urtero antolatzen duen ikurrinari omenaldia ikusteko. Ekitaldiaren lehen atalean euskal dantza izan zen protagonista. Dantzatu aurretik, Euskal Herriaren zazpi herrialdeen lurraldetasunaren aldeko aldarrikapena egin zuten, Euskal Herria irudikatzen zuen puzzle bat lurralde historikoka osatuta.

Ikurrina «Txapi»rentzat

Plaza Berriko agertokiko dantza erakustaldiari dagokionez, kalitate handikoa izan zela esan daiteke. Algara dantza taldearen erakustaldiak ordubete inguru iraun zuen eta euskal dantza ezberdinak -horietako asko ezezagunak askorentzat- interpretatu zituzten. Azken hori omen zen dantzarien helburua, «herrialde bakoitzeko dantzak ekartzea», alegia. Plaza Berrian bildu zen jendeak txalo zaparradekin eskertu zien dantzariei emandako ikuskizuna.

Omenaldiaren puntu gorena, ordea, Jose Luis Bastidak, Gasteiz osoan «Txapi» ezizenez ezaguna denak, blusen eta nesken partetik ikurrinaren oroigarria jaso zuenean bizi izan zen. Blusen eta nesken ordezkaritza zabalak lagunduta, Iratxe Irigoien batzordeko presidenteak adierazi zuenez, «Txapi izan da aurtengo ikurrina jasotzeko pertsonaiarik egokiena».

14 urte zituenetik txistulari, Arabako musika eta kulturari egin dion ekarpen «itzela» gogoratu zuen Irigoienek, berentzat «bizirik dagoen entziklopedia» gisa deskribatu zuen bitartean. Horrez gain, Txapi hainbat saltsatan geldirik egon ezin den horietakoa izan da betidanik. Esate baterako, San Prudentzio jaietako danborradaren sorrera berak erakutsitako «kemenari» zor zaiola adierazi zuten.

Ekitaldi hunkigarriarekin amaitzeko, «Txapi»k hartu zuen hitza. Blusei eta neskei omenaldia bihotzez eskertu ondoren, eta bere bizipenak kontatzeko ohiko grina ezin kontrolatuta, ikurrinari egin zitzaion lehen omenaldia ekarri zuen gogora, bandera legalizatu zutenekoa, alegia. Orduko komunikatua berak irakurri zuela adierazi zuen, poza ezin disimulatuta.

Presoen aldeko bazkaria

Bestalde, preso politikoen aldeko bazkariak jende dezente bildu zuen Landatxon, antolatzaileen esanetan 300 pertsona inguru, urteroko kopuru antzekoa. Blusen eta Nesken Batzordeak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatutako bazkarian giro aparta izan zen. Gainera, 15 euroren truke dastatze-menu batez gozatzeko aukera izan zuten. Ezin kexatu.

Horrelako ekitaldietan sarritan gertatzen den bezala, atzoko bazkaria ere dezente berandutu zen. 15.00etan hastekoak ziren arren, ia ordubete beranduago hasi zen otordua.

Bapo-bapo jan ostean, azken urtean askatu dituzten presoak omendu zituzten. Aurreskua dantzatu, ohiko agurra egin eta jaietako zapia jarrita ohoratu zituzten. Eta, nola ez, ziegan dauden preso gasteiztar guztiak ere gogoan izan zituzten. Ondoren, presoen aldeko ohiko zozketa egin zuten.

Aldarrikapen eguna amaitzeko, manifestazioa deitu zuten antolatzaileek Andra Mari Zuriaren plazatik hasi eta txosnagunea bitartean. Bertan, preso, senide eta errefuxiatuak gogoratzeko ekitaldia egin zuten.

EGITARAUA

TXOSNETAN:

17.00 Karpan, Martin Scorseseren «The Last Waltz» filma emango da.

23.00 Txosnetako agertokian Amon Rak joko du eta, ostean, Doctor No. 2:00ak aldera, Sex Museum taldea ere arituko da. Karpan, bestalde, Maximun Bigotes Power eta DJ Nash izango dira.

BLUSAK ETA NESKAK:

12.00 Txolintxo kuadrilak antolatutako guraso eta seme-alaben arteko lasterketa izango da Dato kalean.

18.00 Mister Neska eta Miss Blusa lehiaketa izango da Independentzia kalean, Desigualesek antolatuta.

00.30 Urtero bezala, Joselu Anaiak euren dantzaldia eskainiko dute. 00.00etan hasi eta berandu arte luzatuko den kontzertua emango dute Araiakoek.

02.00 Belakiak blusa taldeak antolatuta, Banada Dantzari ekingo zaio, San Prudentzio kalean.

ERDIGUNEAN:

11.00 Bigantxak zezen-plaza berrian.

13.30 Aihotz Plazan, Igor Elortza, Sustrai Colina, Iñaki Viñaspre eta Izar Mendiguren bertsolariak.

19.00 Prado parkean, txikientzako «Tarantelo» ikuskizuna izango da. TTRk eskainiko duen antzerkia euskaraz ikusteko aukera izango dute haurrek.

20.30 Plaza dantza hasiko da Aihotz plazan. Bertan, egunero gertatzen den bezala, Larrain-Dantza eta Txulalai dantzatzeko parada izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo