GARA > Idatzia > Gaurkoa

LAURA MINTEGI EUSKAL PEN-BASQUE PENEKO LEHENDAKARIA

Hiltzeko arriskuan zergatik eta idazteagatik

Bi kazetari kurduren egoera -haietako bati dagoeneko heriotza zigorra ezarri dio Irango Gobernuak- dela-eta, Laura Mintegi idazleak Euskal PEN taldearen iritzia agertu du: edozeinek askatasuna du nahi duena esateko eta hitzari hitzarekin erantzun behar zaio; hala nola haren asmoa: bi kazetarien bizia salbatzeko ahaleginak egin eta kasua hedatzea.

Abuztua ez da garai ona heriotzara zigortua izateko, bistan da. Zaila da ohiko kazetariekin edo ohiko politikariekin kontaktatzea. Baina, hala ere, Iranetik heldu den albisteak irauli ditu mendebaldeko hedabideak. Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetariak dira, Irango kazetari kurduak. 2007ko uztailaren 31n Irango apelazio epaitegi batek berretsi egin zuen hilaren 16an Adnan Hassanpouren aurkako heriotza-zigorra, eta epaia edozein unetan exekutatzeko arriskua dago.

Hainbat enbaxadatara hedatu da albistea. Bernard Kouchner Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroak oso arduratuta dagoela adierazi du. Gauza bera egin du Nicole Borvo Cohen-Seat andreak, Frantziako Senatuan Lege Batzordeko lehendakariordeak alegia.

Eta Italiako parlamentuan dozenaka politikarik idazkia sinatu dute bi kazetariak akatu ez ditzaten. Beraz, bi kazetarien bizia salbatu nahian, gutunak jaso dituzte Italiako eta Alemaniako enbaxadetan, hainbat gobernu presidentek, kanpo arazoetarako ministro ugarik. Eta ez bakarrik Europan. Daniel Ortegak, edo Hugo Chavez, edo Iranekin nolabaiteko harremana duen edozein gobernuk ere jaso izan du nonbaitetik dei bat Irango Gobernuari eskatzeko atzera egin dezan beraren erabakian. Hau da, ez hiltzeko kazetariak, idaztea ez delako «bekatua».

PENen ere uste dugu edozeinek daukala askatasuna nahi duen guztia esateko, bere mezua tontokeria izan, okerra izan edo gezurra izanik ere. Baina esan dezala. Eta aurka egin nahi izanez gero, hitzen bidez egin beharko zaio aurka hitzez esandakoari, eta ez hitza isilarazi eta hizlaria erail.

Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetariek euren artikuluetan azalarazi dute kurduen egoera larria. Hori baino ez. Idatzi egin dute. Beraz, ezarri zaien heriotza zigorra salatzeko eta haren aurkako indar guztia adierazteko, ez da beharrezkoa ados egotea kurduen aldarriekin. Ez da beharrezkoa ados egotea idatzitako testuarekin. Nahikoa da ados egotea adierazpen askatasunarekin. Horrela pentsatzen dugu Euskal PENen eta horregatik izendatuko ditugu Honorary Member gure PEN taldean, hain zuzen ere, aukera eduki dezaten nahi dutena esaten segitzeko.

2003an «Euskaldunon Egunkaria» itxi zutenean munduko hainbat PEN taldek agertu zuen haserrea euskarazko kazeta bakarraren itxieragatik eta Ingalaterrako taldeak Honorary Member izendatu zituen Guardia Zibilak atxilotutako kazetariak, hala nola Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Xabier Alegria eta Joan Mari Torrealdai. Geroago «Egin»eko kazetariak jaso zituen Nazioarteko PENek babespean, eta kazetarien zapalduen zerrendan barneratu zituzten Teresa Toda eta Jabier Salutregi.

Jakitun gara talde bakar batek, are gutxiago gurea bezain txikia den taldeak, ez duela eragin handirik munduan diren aldrebeskerien aurrean. Salaketa plazaratzea baino ez dugu, eta adieraztea ez dugula heriotza-zigorra ontzat eman nahi. Txikiak izanik ere, sare handiago baten parte garen aldetik beste 144 zentruekin batera eta 25.000 idazle eta kazetari baino gehiagorekin elkarlanean, ez diogu gure zereginari utziko, eragina handia edo txikia izan, oihartzuna luzea edo laburra, emaitza ona edo erdipurdikoa. Guk elkartasuna jaso izan dugun bezalaxe, elkartasuna luzatzeko prest gaude adierazpenari traba jartzen zaion bakoitzean, hemen izan eta antipodetan izan.

Kasu honetan, gainera, larritasunak behartzen gaitu berehala jardutera, oso arduratuta baikaude Adnan Hassanpourren eta haren lehengusu Abdolwahed (Hiwa) Butimarren aurkako heriotza zigorrengatik. Biak akusazio berdinekin epaitu eta zigortu dituzte. Hassanpour urtarrilaren 25ean atxilotu zuten Kurdistango Marivan herrian, eta ustez akusaziorik gabe inkomunikatuta egon zen Inteligentzia Ministerioko egoitzan, martxoaren 26an Marivango espetxera eraman zuten arte. Ekainaren 12an Sanandaj hiriko Gorte Islamiko Iraultzailean epaitu zuten, abokatua bertan zela.

Marivango espetxean bisitatu zuen uztailaren 15ean Aisheh Imanik, Adnan Hassanpourren amak. «Elkarrekin egon eta ordubetera espetxetik atera eta leku ezezagun batera eraman zuten Adnan. Egun hartan oso normal egon zen. Ez zeukan ez epaiaren ez eta bera norabait eramateko asmoen berri ere». Uztailaren 16an esan zioten heriotzara zigortu zutela espioia, Moharebeh (Jainkoaren etsai) izatea leporatuta. Uztailaren 31n apelazio gorteak epaia berretsi eta gero, Gorte Gorenak berrestea soilik falta da Adnan eta Hiwa hil ditzaten.

2007ko apirilean, Irango Justizia sistemarekin lotura estuak omen dituen Mehr Albiste Agentziak esan zuen Adnan Hassanpour oposizioko talde kurduekin harremanetan zegoela eta agintariak atzetik zituzten bi pertsonari lagundu ziela Irandik ihes egiten. Hala ere, «Rooz» aldizkari elektronikoan egindako elkarrizketa baten Saleh Nikbakht Adnan Hassanpourren abokatuak dio Voice of America irratiarekin izandako elkarrizketa batekin duela zerikusia kasuak.

«Aso» (Horizontea) astekari kurduko zuzendaritzako kide zen Adnan Hassanpour. 2005ean Kurdistanen piztutako protesten eta errepresioaren baitan itxi zuten kazeta urte hartako abuztuan. Aurretik ere epaitu izan zuten aldizkarian argitaratutako zenbait artikulurengatik. Adnan Hassanpour Idazle Kurduen Elkarteko kide da, Hiwa Butimarrek, berriz, ingurumenarekin zerikusia duten artikuluak idatzi izan ditu nagusiki.

Hassanpourren eta Butimarren zigorren aurkako protestetan atxiloketa ugari izan berri dira Kurdistanen, besteak beste Ako Kurdnasab, «Karaftu» aldizkariko kazetaria, Behzad Kordestani poeta eta idazle ezaguna eta Bakhtiyar Rehimi atxilotu dituzte. Kordestani biharamunean askatu bazuten ere, Kurdnasab eta Rehimi preso daude oraindik beste hainbat kazetari kurdu bezala.

Adnanen arreba Leili Hassanpourrek esan duenez, «kontsolatzen gaituen gauza bakarra da nire nebaren alde etxean eta atzerrian dagoen sostengu zabala. Espero dugu epaia atzera bota arte jendeak eta giza eskubideen aldeko erakundeek ez gaitzatela bakarrik utzi».

Euskal-PEN Klubetik dei berezia bidali nahi diegu euskal alderdi, erakunde eta norbanakoei exekuzioak eragozteko ahal duten guztia egin dezaten. Berehala hartu beharreko neurri gisa, idatziak igortzea eskatzen dugu. Nori bidali eta haien helbideak gure webgunean daude: www.euskalpen.org.

Enbaxada eta alderdiei idatzi bai, baina zer eskatu? Puntu hauetan laburbiltzen da PEN talde guztiek eta munduan diren hainbat eta hainbat taldek egiten duten eskaera:

-Atsekabea agertzea Adnan Hassanpour kazetariari ezarritako heriotza-zigorragatik. Adieraztea halaber Iranek sinatutako Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 19. artikuluaren aurka daukatela preso.

-Kezka agertzea atxiloketan jasandako tratu txarren berriengatik, eta eskea Irango agintariei Adnan Hassanpourren ongizatea berma dezaten.

-Kezka agertzea ustez Irango kazetari eta idazle kurduen aurkako errepresioagatik, eta dei berezia egitea beren ikuspuntua era baketsuan adierazte hutsagatik Irango Kurdistanen atxilotutako kazetari eta idazleak aska ditzaten.

Idazkiak (gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez aurki daitezke gure webgunean) Iranera bidal daitezke, edo Iranek Paris eta Madrilen dituen enbaxadetara. Bidal daitezke Venezuela, Nikaragua edo Iranek harremanak dituen estatuen gobernuetara. Helburua da heriotza-zigorra bertan behera uztea. Eta nazioarteko iritziaren indarraz. Eta hitzaren indarraz ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo