ANDRA MARI ZURIA ZELEDON ETA NESKA TXIKI
Txikiek euren jaitsiera izan zuten ekintzez betetako egun batean
Gasteizen, berriro ere, Zeledon panpina bat jaitsi zen. Plaza ez zen Andra Mari Zuriarena, eta leihoan, oraingoan, ez zion Gorka Ortiz de Urbinak itxaron. Plaza Berrian, bi ume zeuden zain; Ander Viribay eta Lydia Barreiro ziren, Zeledon Txiki eta Neska Txiki, alegia. Atzoko eguna umeena zen, eta horiek, euren jaitsieraz gain, ekintzez betetako egun batez gozatu zuten.
Itziar AMESTOY
Txupinazoa entzun bezain laster, panpina bat agertu zen plaza Berriko leiho batean. Udal Musika Bandak jotako musikak lagunduta, Zeledonek plaza alde batetik bestera zeharkatu zuen; zeruan barna, noski. Banda, atzo, zuzendari berezi baten eskuetan zegoen. Ane Ebrea lau urteko neskak gidatu zuen «Celedon ha hecho una casa nueva» abestia. Plazara joan ziren gurasoek panpina seinalatzen zieten seme-alabei. Haurrek, ordea, denbora handia zeramaten Zeledoni begia kendu gabe.
Txikiak izan ziren atzoko protagonista, eta, horregatik, panpina beste aldera iritsi bezain laster, Lydia Barreiro eta Ander Viribay agertu ziren leihoan, plazan bildu ziren umeak agurtzeko xedearekin. Anderrek euritakoa mugitzen zuen Iñaki Landaren erara, eta Lydiak eskuarekin agurtzen zituen gasteiztar txiki guztiak.
Plaza nahiko beteta egon arren, eroso egin zuten Zeledon Txikik eta Neska Txikik agertokirainoko ibilbidea. Bidean aurkitzen zituzten umeak agurtu ondoren, hitz batzuk esateko unea iritsi zitzaien. Argi adierazi zuten euren eguna zela, eta horretarako antolatuta zeuden ekintza guztien berri eman zieten Gasteizko umeei. «Arratsaldean denak ikusi nahi zaituztegu Dato kalean, eta ahal baduzue, gurasoak ekarri», oihukatu zuen Anderrek.
Ondoren, bi gonbidatu berezi igo ziren umeen albora; Iñaki Landa eta Gorka Ortiz de Urbina, hain zuzen ere. Zeledon Txikik eta Neska Txikik, jaietako protagonistaren 50. urteurrena ospatzeko, txapel bana oparitu zieten Landari eta Ortiz de Urbinari. Horrez gainera, plazan zeuden umeen laguntzarekin «Zorionak zuri» polit bat kantatu zieten.
Egun osoa txikientzat
Jaitsieraren aurretik, Anderrek eta Lydiak beste erantzukizun batzuk izan zituzten. Mezatara joateaz gain, Andra Mari Zuriari lore eskaintza egin eta aurreskua dantzatu zioten. Gainera, ekitaldira bertaratu ziren umeekin argazkiak atera zituzten. Plaza Berritik irten ondoren, jolasteko unea iritsi zitzaien haurrei.
Brulleria plazan, esate baterako, jinkana dibertigarri bat antolatu zuten Zoroak koadrilako kideek. Neska eta blusek zaintzen zituzten jokoetan parte hartzeko parada izan zuten txikiek, baina plaza ikusita ez zen argi desberdintzen zeintzuk ari ziren hobeto pasatzen, nagusiak edo umeak. General Loman, bestalde, Gargantua egoteaz gain, Kukubiltxo taldekoek «Kukubel» ematen ari ziren. Ikuskizun horretan ere gurasoen barreak seme-alaben mailan zeuden. Egun bat, atzokoa, txikiak aitzakiatzat hartuta, nagusiek ere ondo pasa dezaten aukera ematen duena.