«Jaietan, egun osoan ondo pasatzeko aukera dugu»
Eguneko protagonistek ilusio handiarekin bizi izan zuten atzoko eguna eta aurreko prestakuntza osoa. Lydia Barreirok eta Ander Viribayk azaldu zuten bezala, aspalditik ari ziren atzoko eguna prestatzen; aurreskua, esate baterako, urtarrilean hasi ziren entseatzen. Ahaleginak merezi duela adieraztean zalantza izpirik ez da ikusten, ordea, haien aurpegietan
Zeledon Txikiren jaitsiera izan daiteke eguneko unerik bereziena, baina, horrez gainera, zer egin behar duzue eguna ospatzeko?
Ander: Andra Mari Zuriari lore eskaintza eta aurreskua egiten diogu hasieran. Gero, plaza Berrira goaz jaitsiera egitera. Bazkaldu, elkarrekin bazkaltzen dugu. Gainera, koadrila bakoitzeko kide bat etortzen da. Arratsaldean, ume guztiak gonbidatuko ditugu Prado parkean egingo den askarira.
Lydia: Horrez gain, nire koadrilak -Zoroak- Brullerias plazan jinkana bat antolatu du ume txiki guztiak gurekin jolastera etor daitezen.
Dotore-dotore agertu zarete Gasteizko umeak agurtzera; jantzi bereziak dituzue gaurko?
L: Orain dela bi urte estreinatu nuen jantzia daukat, baina hori beste jaiegunetarako utziko dut.
A: Egun arruntetan urtero daramaten arropa jantziko dut, baina botoidun txaketa bat daukat gordeta gaurko. Antzinako arropa bezalakoa da.
Blusa eta neska on bezala, egunero ateratzen zarete koadrilarekin. Noiztik ibiltzen zarete jaietan Karraxirekin eta Zoroekin?
L: Amaren sabelean nengoenean atera nintzen lehenengoz.
A: Zalantzarik gabe, egunero egoten naiz koadrilarekin; nagusien erritmoari eusteko arazorik ez dugu izaten umeok.
Zuen egunaz gain, zer atsegin duzue Gasteizko jaietan egiten den programako ekintzen artean?
L: Egun batzuetan bigantxak ikustera joaten gara, gauza berezi bezala. Egunero, adibidez, paseilloa egiten dugu.
A: Paseilloak, noski, asko gustatzen zaizkit. Neba-arrebekin jolasteko aukera ere izaten dugu jaietan. Azken finean, Gasteizko jaietan egun osoan ondo pasatzeko aukera dugu. I.A.