Tourra igaro zenean bi etxe erre izana salatu du Larraineko Udalak
LARRAINE
Tourraren etapa Zuberoatik igaro zen egunean Larrainen etxe huts bat erretzea eta biharamunean, uztailaren 26an, Ligin antzeko eraso baten ondorioz beste etxe batekin gauza bera egitea gogor salatu du Larraineko Herriko Etxeak mozio batean.
Bi etxeetan «Euskal Herria ez da salgai» esaldiarekin azaldu ziren pintaketak aipatzen ditu mozioak, eta Euskal Herriak pairatzen duen lurraren espekulazioarekin lotzen ditu bi erasoak.
Espekulazioaren «fenomenoa, benetako arazoa» dela aitortzen du mozioak, «egun aplikatzen diren prezioen erruz, bertan lan egin eta bizitzea hautatu duten gazteek, hirigintza arauen zorroztasuna pairatzeaz gain, ez dutelako etxea erosteko aukerarik».
Lurraren prezioa garestitu
Hori gutxi balitz bezala, higiezinen balioa garestitzea nekazaritza lurrei eta familia ondarearen eskualdaketei eragiten ari zaiela esaten du Marcel Accoceberryk kudeatzen duen udalak.
Hala eta guztiz ere, mozioak esaten du «indarkeria ekintza horiek ezin dutela, inolaz ere, irtenbidea izan gizarte arazo hain zabalari aurre egiteko». Bertako biztanleak arriskuan jartzen direla ere adierazten du mozioak.
Zuberoan, apirilaz geroztik, lau etxeri egin diete antzeko erasoa. Lehena, britainiar batzuen Altzürüküko errota zaharberritu bat izan zen, eta komunikabideetan erreibindikatutako bakanetakoa. «Turismoan oinarritutako ekonomiak Frantziarekiko dependentzia areagotu besterik» ez duela egiten eta Euskal Herria «burgesez eta bigarren etxebizitzez betetzen ari den bitartean gure lurra, identitatea eta kultura suntsitzen» ari dela zioen agiriak.
Martxotik, antzeko 21 eraso izan dira, azkenekoa aste honetan bertan Atharratzen. Gehienak bigarren etxebizitza hutsen kontra izan dira, baina baita eraikitzen ari diren apartamentuen edota higiezin-etxeen aurka ere.