GARA > Idatzia > Ekonomia

Plastic Omniumek Signature erosi ostean, lanpostuen galeraren beldur da CFDT

Aspaldiko zurrumurruak egiazko asmoei leku uzten ari zaizkie. Plastic Omniumek erosi berri du Signature Urruñako enpresa. Bertako sindikatu nagusi CFDTk lanpostuak murriztea ekar dezakeela uste du.

A.M. | URRUÑA

Signature Urruñako lantegiaren geroaz CFDT sindikatuak zituen susmoak baieztatzen ari dira. Hiri-altzairuen fabrikazioan jarduten duen enpresa Plastic Omnium Konpainiak erosi berri du eta urte amaiera baino lehen Eurovia sozietatearekin bat egingo du.

Bat-egite horrek eragin dizkien kezken berri emateko, prentsa agerrialdia egin zuten, atzo, lantegiaren atarian. Xabier Elissalde Signatureko enpresa batzordeko kideak jakinarazi zuen abuztuaren 29rako aparteko bilkura batera deitu dituztela jabe berrien eta Euroviaren bat- egite proiektuaz, Signature SAren zatiketaren egitasmoaz eta horrek guztiak langileengan izango dituen ondorioez informatzeko eta hitz egiteko.

Ondorioen kezka

Hain zuzen ere, ondorio horiek berebiziko kezka bilakatu dira CFDTrentzat, batez ere, enpresaren aldaketa juridiko horien benetako helburua zein den zehazki ez dakitelako. Elissaldek eta haren kideek uste dute trikimailu horiek guztiek enpresaren sail batzuen salmenta mozorrotzen dutela. Hori egindakoan, entitate juridiko bakoitzak bere egokitzapenak egingo lituzke eta, buruan, langile-taldea berregituratzea ekarriko ez ote duten beldur dira.

Sindikatuaren aburuz, juridikoki aurrez ikusten dituzten etapek zuzen-zuzenean lan-kontratuei eragingo diete lehenik, baina beste arlo batzuk ere ezinbestean ukituak izango dira, hala nola lan-hitzarmena, erretiro osagarrien eta aurreikuspenen kutxen aldaketa, egokitzapen akordioaren negoziazioa, langileen ordezkarien ahalmenak berrikustea, interesen eta partehartzearen akordioak berriz negoziatzea, eta beste.

Langile gutxiago

Egitura bakoitzaren egokitzapenak gaur egun 540 langile dituen enpresan «nahitaez» langile-kopurua txikitzea ekarriko duela ziur da CFDT, eta hori da bere kezka nagusia. Horrenbestez, proiektuaren jarraipen zehatza egingo duela eta bere baliabide guztiak lanpostuak bermatzera bideratuko dituela esan zuen Elissaldek.

Hilaren amaieran izango den bilkuraren ostean, langileen batzar nagusia egingo dute han jasotakoa helarazteko eta, horren arabera, ekimenetan adosteko.

Informazio eza izan da, hain zuzen, langileen ordezkariek behin eta berriro salatu dutena. Izan ere, hasieratik zurrumurruen bidez izan baitute aldaketa horien berri, gastuak murrizteko fabrikazioaren zati bat Alemanian Signaturek duen beste enpresara eramango zutela edota Irunen lantegia irekiko zutela jakin zuten bezalaxe.

LANPOSTUAK

2002an, SAR eta Signaturek bat egin zutenean, 711 langile zituen enpresak. Bost urte geroago, 540 ditu. Proiektu berriek berriz ere langile-kopurua murriztea eragingo dutela uste du CFDT sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo