GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA KAE-1eko analisia

Isuntzari ondo atera zaio gazteen alde eginiko apustua

Lekeitioko taldearen helburua ahal den guztia gozatzea da, baina hirugarren postuan jarri eta hurrengo proban, etxean «atzaparkada» emateko prest da

p037_f01_199x136.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Bada Lekeitio aldean pozez gainezka dagoen ontzi bat. Bizkaiko kosta horretako herritarrek algaraka eta harro egoteko arrazoia dute. Isuntza izena du aipatutako taldeak, eta sekulako denboraldia egiten ari da herriko gaztez osatutako ontzia.

Santi Zumaran Super BM Isuntza Grafilur taldeko presidentea ezin sinetsi dabil. Oraindik ez dute garaipenik lortu, baina, hirugarren daudenez, ez dute amore emango.

«Gazteen aldeko apustua egin genuen hasieratik», aipatzen du Santi Zumaran Isuntza taldeko presidenteak. Hain zuzen ere, lekeitiarrek gazteengan duten konfiantza oso handia da, eta esperientzia duen jendea gehituz txapelketan lehiatu nahi dute. Orain arte ondo joan zaie podiumean izan direlako, baina oraindik ez dute igoera fasera pasatzeko beharrezkoa den postua lortu. Dena den, lana gogoz egiten jarraituko dute.

Zumaranek etorkizunari begiratzen dio oraina alde batera utzi gabe. «Gure helburua bururik galdu gabe ahal dugun guztia disfrutatzea da. Dena den, gauzak hobeto joaten bazaizkigu, askoz hobeto», nabarmendu du Isuntzako presidenteak.

Beste alde batetik, Zumaranek ontzat jotzen ditu estropada batetik bestera taldean izaten diren aldaketak: «Estropada batetik bestera aldaketak egiten ditugu, baina arraunlariek berdin erantzuten dute, eta hori baloratzekoa da».

Beste alde batetik, Getaria denboraldi ezin hobea egiten ari da hamar estropadatik zortzi irabazi baititu. Horrela jarraituz gero, igoera fasea eskuetan izango du. Baina atzetik gauzak ez daude hain garbi. Pasai Donibane bigarrena da eta Isuntzak ondo-ondotik jarraitzen dio. Alde horretatik, lau proba falta dira igoera fasea iritsi baino lehen. «Igoera fasean sartzeko aukera dugu argi eta garbi. Baina gure helburua da inori presiorik sartu gabe hor ibiltzea disfrutatzen», argi utzi nahi izan du presidenteak.

Arraunlarien sakrifizioa

Jakina da guztien artean «arraun- lari» esatea sufrimendua esatea dela. Isuntzako arraunlariek zaletasuna dute bihotzean, eta Zumaranen hitzetan, ez dute ezer kobratzen. Aurten egiten ari diren lan bikainaren garrantzia indartzen du horrek.

Gainera, Isuntzako presidenteak arraunlarien eta taldeko langileen lana goraipatu nahi izan du: «Talde osoa, bai aurraunlariak, prestatzailea edota medikuak ere, ehuneko ehun eta berrogeita hamar ematen ari dira».

Gauzak horrela izanda, aurtengo liga oso garesti dagoela ikusi ahal izan da orain arte. Lau proba falta dira eta hor erabakiko da igoera fasera zein bi ontzi sartuko diren. Lekeition izango da hurrengoa, eta etxekoa, Isuntza, «atzaparkada» bat ematen saiatuko da.

GETARIA, JABE

Hamar estropada ostean, Getaria da lehena eta ligako jabea. Zortzi aldiz irabazi du, eta 116 punturekin jarri da Gipuzkoako taldea; igoera fasea ia eskuetan du. Hurrengo proban ikusiko da maila indartsua mantzen duen.

azken ordua

Atzo gauean aditzera eman zenez, Hondarribia hurrengo asteburuan jokatuko den Espainiako Txapelketan arituko da. Beste zazpi ontziak Orio, Urdaibai, Meira, Tiran, Pedreña, Castro eta Astillero izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo