GARA > Idatzia > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZAILEAk Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa

Irigoien gazteak Ostolatza beteranoa garaitu du

Harri handietako txapeldunak harri txikietan ere onena dela erakutsi zuen atzo, Gasteizko Foruen Plazan

p039_f01_148x112.jpg

Mikel ARREGI | GASTEIZ

Aimar Irigoien errezildarrak eraman zuen atzo Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa. Eguraldi txarrak ez zuen jendea atzera bota, eta giro polita izan zen Gasteizko Foruen Plazan. Txapelduna izateko lehian Irigoien eta Ostolatza ziren faborito, eta azkenean beteranoak amore eman behar izan zuen gaztearen aurrean.

Txapela irabazteko bidea gogorra izan zuen Errezilgo harrijasotzaileak, halere. Aurrean sei aurkari gogor izateaz gain, lau harriz osatutako ibilbide gogorra izan zuen. Hori ez zen oztopo izan, hala eta gutziz ere, harri-jasotzaile gipuzkoarrak garaipena lor zezan. Irigoienek 113 altxalditan 13.112,5 kilo jaso zituen. Ehun kiloko bola 29 aldiz jaso zuen; 23 alditan, 112ko kubikoa; 31tan, 125eko zilindrikoa; eta 30 aldiz 125 kiloko errektangularra. Lau harrietan Irigoien izan zen altxaldi gehien egin zituen harri-jasotzailea.

Gipuzkoarrak nagusi

Aimar Irigoienek bost jasoaldiko eta 550 kiloko aldea atera zion Joseba Ostolatzari, atzo aurkari nagusi izan zuenari. Bi harri-jasotzaile gipuzkoarren arteko lehian erabakigarriak izan ziren ehun kiloko bola eta harri errektangularra. Bi harri horietako bakoitzean bi altxaldiko aldea atera zion Irigoienek Ostolatzari. Hala eta guztiz ere, Ostolazak ezin izan zuen errezildarrak lortutako aldea murriztu, eta ez hori bakarrik; izan ere, Irigoienek aldea areagotzea lortu zuen azkenengo harri zilindrikoan.

Hirugarren postua Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.arentzat izan zen. Gipuzkoarrak 11.250 kilo jaso zituen 97 altxalditan. Aiako harri-jasotzaile beteranoak uste zen baino maila apalagoa erakutsi zuen, eta aurreko bi harri-jasotzaileengandik urruti jarri zen saio bukaeran. Izeta III.a Irigoienengandik 1.862 kilora gelditu zen, eta Ostolatzarengandik 1.312 kilora. Laugarren postua Jokin Eizmendirentzat izan zen, eta Izeta III.aren semeak, Izeta IV.ak, Bosgarren postua eskuratu zuen 10.325 kilo jasota.

Txapelketako azkenengo bi lekuak bertan parte hartu zuten bi bizkaitarrentzat izan ziren. Xabier Agirrek eta Gaizka Uriartek maila eskasa erakutsi zuten; 10.000 kilotik behera gelditu ziren bakarrak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo