GARA > Idatzia > Ikusmira

Donostian ere herri jaien aldeko aldarrikapenak eredu zaharkituak abordatu ditu

Igandeaz geroztik abian dira Donostiako festak, baina haien egitarau ofizialetik kanpo badira hamaika ekitaldi, hala nola larunbateko kontzertu arrakastatsuak. Atzo, berriz, Piraten abordatzea izan zen eta ehunka lagunek portutik Kontxako hondartzarainokoa egin zuten txalupaz. Portura bildutako jendetzak, urtero bezala, herri jaiak aldarrikatu zituen. Hala, herritarrek antolatu eta gozatzea posible, arrazoizko eta komenigarria dela erakutsi zuten. Donostian ez ezik, gainerako hiriburu eta herrietan ere nabaritzen da apustu hori. Herri jaien aldeko apustua, alegia, urtez urte sendotuz doana, herriarentzat omen diren baina herriaren parte-hartzea baztertzen duen eredu ofizialaren aurrean. Eta arrakasta horrek ez du sekretu handirik. Jaiak hiri edo herriaren erakusleiho apaindu bat baino zerbait gehiago direla uste dutenek, dibertitzeko, harremanak bizitzeko eta are erreibindikatzeko gune aproposa direla uste dutenek, jai horiek antolatu eta haietan parte hartu nahi dute zuzenean, hartarako eskubide osoa dutela, jakina. Jaiak herritarrenak direlako. Bada garaia instituzioek ere jai eredu elitista eta klasistek herri ereduei lekua utzi behar dietela uler dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo