Torturatuen oihu isilarazia entzun dadin
Badira hamar urte Juan Calvo Ertzaintzak atxilotu eta polizia-etxetik hilda atera zela. Aste honetan, hilaren 19an, Torturaren Aurkako Taldearen omenaldia jasoko du. Eta, Juan Calvo bezala, polizia-etxeetan hildako guztiak eta handik atera ostean tortura jasan izana salatu duten milaka herritarrak. Izan ere, omenaldi tristea baina beharrezkoa, torturatuaren oihu gorra, isilarazia, ozen bihurtzeko. Herritar horien guztien sufrimendua ahanzturaren leize ilunera amil ez dadin.
Torturaren auzia ez da iraganeko kontua, oraindik orain tortura salaketen berri eman baitute zenbait atxilotuk. Estatu espainolak praktika negargarri horren kontrako hainbat protokolo sinatu ditu, baina ez ditu aplikatzen. NBEko kontalariaren beraren salaketei eta gomendioei muzin egin izan die. Areago, tortura salatzen dutenak susmopean jarri eta auzitara eraman izan ditu, salaketa erruduntasun froga balitz bezala aurkeztuz. Eta tortura edozein lekutan onartezina bada ere, zuzenbidezkoa omen den estatu bati demokratiko izaera gezurtatzen dio; horregatik estatu horrek ezin du zalantzarako tarterik ñimiñoa ere utzi; edozein salaketa ikertu eta, egiaztatzen bada, zigortu -orain arte Estatu espainolak egin duenaren alderantzizkoa, alegia- eta, batez ere, salaketarik izan ez dadin, atxilotuaren eskubide guztiak errespetatuko dituztela bermatuko duten neurriak hartu behar du.