GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hilarion Eslava eskolak bota du Burlatako bestetako txupinazoa

Aurten hogeita bost urte betetzen ditu Burlatako Hilarion Eslava musika eskolak. Hori dela-eta, atzo hasi ziren bestetako txupinazoa eskolako txistulari eta irakasle Edurne Kanpionek bota zuen, Ignacio Sanchez kirolariarekin ba-tera. Orain berrehun urte Eslava musikaria jaio zen eta, beraz, urte berezia da Burlatako musikazaleentzat.

p024_f02_148x108.jpg

Jasone MITXELTORENA | BURLATA

Hilarion Eslava musika eskolak botako zuen, Ignacio Sanchez kirolariarekin batera, Burlatako jaien hasierako txupinazoa. Eskolaren izenean, Edurne Kanpion txistularia izan zen suziria jaurtitzearen arduraduna. Musika lengoaia eta txistu irakaslea da Kanpion; hortaz gain, musikari dabil bertako taldean.

Aurten 25. urteurrena ospatzen du eskolak, eta urrian eskolak izena zor dion musikari handia jaio zenetik 200 urte beteko dira. Hasiera batean akademia moduan abiatu zen; musika tresna zehatz batzuek jo ahal izateko klaseak ematen zituzten. Geroago, ordea, Udalak bere gain hartu zuen akademia, eta herriko Musika Eskola bihurtu zuen. Egun hiru ziklo biltzen ditu, 4 urtetik hasi eta adinean mugarik gabe, ehunka ikasle eta parte-hartzaile ditu, Kanpionek azaldu duenez. Musika lengoaia ezagutzean datza ziklo horietako bat, eta instrumentu zehatz baten garatzean bertze bat. Hirugarrena musikari taldeei dagokiena da, akordeoi, txistulari, trikitia eta gitarra taldeak daude, bai eta «Conjunto Instrumental», «Scolania» izena duten umeen ahots taldea, helduagoen ahots taldea, Big Band-a eta «Bongoak» taldea ere.

Lau urterekin hasten diren umeak hastapen fase bat egiten dute, jokoen eta bertzelako moduen bidez musika barneratzen eta garatzen hasten dira. Zazpi urteko umeek musika tresna zehatz bat aukeratu eta horixe garatzen hiru urte ematen dituzte. Behin oinarria menperatzen dutela, eskolan biltzen diren taldeetara pasatzen dira, norbanakoan izan beharrean musika prestaketa elkarlanean segitzeko. Arautu gabeko prestakuntza ematen dute Hilarion Eslavan, hau da, eskola horretan ikasitakoak ez du balio akademikorik. Hala ere, ikasleren batengan gaitasuna eta aurrera segitzeko gogoak ikusiz gero, orientazioa eskaintzen dute, eta klase bereziak ematen zaizkio ikasle horri. Kanpionek azaldu duenez, eskolaren bidez aukera dago ikasketa profesionalak burutzeko eta, alde horretatik, ohikoa da Iruñera joatea.

Hilarion Eslava musikaria Burlatan jaio zen 1807an. Konpositorea eta musikan aditua izan zen, eta hainbat alor landu zituen. Haurra zela, Iruñeko Katedraleko abesbatzan parte hartzen omen zuen, bai eta biolina jotzen ere. Musika tresna horrez gain, organoa eta pianoa jotzen eta konposatzen ere ikasi zuen. Iruñetik atera eta Burgo de Osman edo Sevillan ibili zen, besteren artean. Andaluzian egindako egonaldian apaiz egin zen eta erlijiozko lan asko egin zituen. Madrilera jo zuen handik, eta bertako kontserbatorioan konpositore irakaslea izan ondoren, zuzendaritza eskuratu zuen. Espainiako operaren defendatzailea izan omen zen. Idatzizko lanei dagokienez, urte askoan musika hezkuntzan erabili diren hainbat lan pedagogiko egin zituen. Haren jaiotza- urteurrena dela-eta, hainbat kontzertu antolatu ditu izen bereko eskolak, eta Udalak erakusketa bat zabaldu du.

Txupinazoan presoak gogoan izan dira Burlatako Udaletxean

Edurne Kanpion, Mikel Almandoz Burlatako presoaren neskalagunak bota zuen atzo suziria «Burlatarrak! Gora Burlatako jaiak» oihua egin ondotik. Ignacio Sanchez «Kick Boxing» kirolean sei aldiz txapeldun izan den burlatarrak gaztelaniaz egin zuen agurra, eta bien artean bota zuten suziria. Hilarion Eslava eskolaren izenean egin zuen Kanpionek, baina Almandoz presoaren senideak eta herriko errefuxiatuak ondoan izan zituen. Plazan «Demokrazia Zero» salatu bazen ere, herritarrak kontent eta baketsu hasi zituzten bestak; udaletxeko agintariak ez ziren agertu ere egin eta ikurrina eta presoak Euskal Herriratzeko aldarria ere udaletxeko balkoian zeuden.

Ordubete beranduago presoen aldeko topa egin zuten burlatarrek.

J. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo