GARA > Idatzia > Kultura

Elkartasun begiradak Hendaian aitzina doan denborari

Begiradak argazkilari taldeak, bigarren urtez jarraian, Hendaiako merkatu estalian erakusketa antolatu du. Aurten, badoan denborari belarria luzatzea proposatzen du, argazki kamaren behakoei esker. Erakusketa, Mugarik Gabeko Suhiltzaileen lana sostengatzeko bidea izanen da ere. Izan ere, Planete Ecoles, Begiradak eta Ornibus elkarteak, beste garapen eredu bat bultzatzeko, eta suhiltzaile elkartea diruz laguntzeko bildu dira erakusketaren bitartez.

p047_f01_152x116.jpg

Eneritz ZABALETA | HENDAIA

Behako bat denborari, batzuetan poliki, besteetan zalu, baina beti aitzina doan denborari. Hendaiako argazkilari militanteen kolektiboak, «badoan denborari» begiradak ematea, eta belarria luzatzea hautatu du aurten. Hiru urte dira Begiradak argazkilari kolektiboa osatu zenetik. Bigarren argazki erakusketa du honako hau, Hendaiako merkatu estalian. Abuztuaren 6tik 30era pausatu ditu argazki-arte lanak. Hogei argazkilari, tartean Nicaraguako zortzi eta Portugalgo bat, lanean jardun dira, bakoitzaren objektiboaren gibeletik, denboraren behako berezi bat harrapatzeko.

Julien Lacostek, Begiradak taldeko kideak, aurtengo erakusketaren gaia zehaztu du: «Kolektiboan, belaunaldi guztietako argazkilariak gaude. Gai hau, aldi berean aski trinko eta zabala iruditu zaigu, argazkilari bakoitzak bere sentsibilitatea ekar dezan». Egia da, gaia abiapuntutzat hartuta, erabat hainbat motatako argazkiak daudela ikusgai: «Angela Mejias argazkilariak gizon-emazte zaharrekin irudikatu du denboraren joana. Beste batzuek, denboraren ibilera era poetikoan hartu dute, atseden edo siesta aldiak erakutsita. Izan dira ere, ordulariak eta denbora sinbolizatzen duten tresnak argazkitan hartu dituztenak».

Denboraren joana irudikatzeko, baina, artxibo lan handia ere egin dute argazkilari batzuek. Hala, Daniel Velez argazkilari ospetsuak, haren aitaren argazki artxiboak mihatu, eta uzta polita bildu du. 1936-38 urteen artean, garaian ministro Petainen eta Francoren arteko bisitaren argazkiak daude. Bisita Hendaian egin zuten. Bigarren mundu gerra garaiko argazkiak ere badaude eta bertan naziak Santiago zubia zeharkatzen ikusten dira. Ordutik denbora joan da. Hendaian ehun begirada eman dizkiote haren joanari.

Erakusketa militantea, argazkilari kolektibo militante batek egindakoa

Denboraren joana begiratzen du erakusketa hau, beraz, ez da batere arrunta. Izan ere, Hendaiako merkatu estalian, Begiradak taldekoen lanez gain, Ornibus bidezko merkataritzaren aldeko elkartearen, Planete Ecoles erakundearen eta Mugarik Gabeko Suhiltzaileen lanak daude. Erakusketatik atera dirua, gainera, azken horri emanen zaio.

Izan ere, lau elkarte horien elkarlana azaldu digu Julien Lacoste, Begiradak taldeko kideak: «Proiektu komuna dugun lau elkarte bildu gara. Lauok, kulturen arteko `talkak', eta gaur egungo eredu ekonomikoak sortzen dituen injustizien aitzinean, beste eredu batzuk bultzatzen ditugu. Guk, argazkiekin, injustiziak argazkitan eman, eta bestelako kulturen bizimodua azaleratzen dugu. Beste elkarteek, bakoitzak bere arloan, garapen alternatiboa eskaintzen du. Ornibusek bidezko merkataritza proposatzen du. Planet Ecolesek Afrikan eskolak martxan jartzen ditu. Mugarik Gabeko Suhiltzaileek, segurtasun eta hondamendi naturalen aurkako borrokan, formakuntzak eta bestelako laguntzak ematen ditu herri pobreetan».

Lan hori bultzatzeko, Begiradak argazkilari kolektiboak, erakusketa azken elkartearen alde antolatu du: «Erakusketako argazkiak salduko dira, eta saria Mugarik Gabeko Suhiltzaileei emanen».

Horrez gain, hainbat ekitaldi antolatuko ditugu, sosa ateratzeko asmoz». Besteak beste, agorrilaren 18 eta 25ean, 14.00etan, Hendaiako Varietes zineman, «Aupa Etxebeste!» filma izanen da ikusgai. Ipar Euskal Herrian, Donibane Garazin bakarrik egon da ikusgai filma, Korrika Kulturaleko denboran.

Eneritz ZABALETA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo