GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Antigualeko kontuak

Zilegi izan bekit, behin besterik ez bada ere, neure burua edo, hobeto esateko, gure familia hizpide hartzea. Izan ere, munduan beste asko legez, batzuetan egoera bitxi baina gogorrak bizi izanak baikara. Haietako bat orain dela ia-ia 30 urte, ordu txikietan gurera Guardia Zibila agertu zen gauean. Anaia baten bila. Ez naiz xehetasunetan luzatuko, Euskal Herrian nahi genukeen baino askoz familia gehiagok jasan baitituzte antzeko egoerak eta gehienok entzun ditugu senide edo lagunen batek kontatuta. Anaiak 16 urte zituen eta aurreko egunean iritsia zen Gasteizera, uda osoa kanpoko herri batean eman baitzuen lanean. Baina egun bakar bat nahikoa omen da gaizkia egiteko; hala irakatsi ziguten eskolan, behinik behin. Eta Gasteizera iritsi berritan, beraz, zer okurrituko eta manifestazio batera joan zen. Txiki eta Otaegi ETAko boluntarioak eta FRAPeko hiru lagun fusilatu izana gaitzesteko. Hamarren bat lagun atxilotu zituzten. Guardia Zibilaren egoitzan pasatutakoak haiek bakarrik dakizkite, eta ondoren Langraizko presondegira eraman zituzten, «terrorismoaren apologia» leporatuta, harik eta hilabete baten buruan behin-behineko askatasuna eman zieten arte.

Zer erakutsi, zer irakatsi nahi zuen hiltzear (?) zegoen erregimen hark hain modu traketsean? Legea betetzen ez zuenak larrutik ordainduko zuela, eta indarrez erantzuten zuena indar handiago batek joko zuela, estatuaren indarrak, hain zuzen. Indar legitimoa, eta abar, eta abar. Herritar askoren ustez, indar hura ez zen zilegi, baina zilegizkotasuna botereak berak ematen zion bere buruari. Tira, beste garai bat zen. Manifestazio baketsuetan jendea jipoitu eta atxilotu egiten zutenekoa. Erregimenari aurka egiten ziotenen alde hitz egiten zuena auzipetu egiten zuten, jendea ezin zen hauteskundeetan aurkeztu eta nahi zituen hautetsiak bozkatu, hildakoak omentzea ere jardun nekeza gertatzen zen... hil ondoren ere jazartzen zituzten.

Beste garai bat zen, baina egunotan gogora etorri zait, Sabin Eubaren eta Lluis Maria Xirinacsen heriotzen ostean. Bi-biek ezagutu zuten garai hura. Ezagutu eta ondo sufritu. Garai hura eta hau, heriotza arte eta ostean ere bai.

Biak gogoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo