«SPrako Tranbia» eleberria filmatzen hasi dira Algortan
Unai Elorriaga da orain Aitzol Aramaioren zuzendaritzapean film bihurtuko duten «SPrako tranbia» liburuaren sortzailea. Astelehenean hasi zuten Algortan filmazioa eta bost astez jarraituko dute. Aktore profesionalek ez ezik berrehun herritarrek ere hartuko dute parte.
Ianire RENOBALES | ALGORTA
Astelehenean hasi zuten «SPrako Tranbia» liburuan oinarritutako pelikularen grabazioa. Algortako Basagoiti kalean hasi zuten arratsaldeko lehenengo orduetan eta Kai Zaharrean amaitu zuten gauez. Bost aste iraungo du filmazioak eta irailaren 15 edo 17rako bukatzea espero dute sortzaileek.
Nahiz eta Bizkaiko herri horretan hasiera eman zioten proiektuari, pantailan ikusi izango den lehenengo tokia Gorliz izango da. Lucas agurea da Elorriagaren eleberriaren protagonista eta erietxe batean aurkezten du. Horiek hala, Gorlizko ospitalea erabiliko dute lehen eszena hauek grabatzeko.
Elorriaga Algortan ere egon zen eta aktoreen antzezpena ikusteko parada izan zuen. Haren esanetan, keinuek eta mugimenduek bizitasuna ematen diote eleberriari. Bestalde, Hector Alterio argentinarrak, Lucasen papera beteko du. Alterioren antzezpena liburuaren pertsonaiarako oso egokia dela uste du Unaik. «Argentinarrak badauka `ganberro puntu bat' edo `begi gaiztoak' eta ondo ematen du sortutako fikziozko izaerarentzat. Lucas jostaria da eleberrian eta Alteriok duen hitz egiteko moduarekin ondo heltzen dio paperari», esan du Elorriagak.
Algortarrak aktore
Beste euskal aktore asko egongo dira bigarren mailako paper batzuk antzezten. Garrantzitsuenen artean Barbara Goenaga ageri da. Horretaz gain, «Wazemank» edo «Vaya Semanita» telesaileetako antzezleak agertuko dira ere. Herriko pertsonek ere pelikulan parte hartzeko aukera izan dute. Horretarako, casting bat antolatu zuten eta, orotara, 200 bat lagun ikusi ahal izango dira kaleetan zehar ibiltzen eta dendetan sartuta.
Gidoirari dagokionez, eleberria ez da berdin mantenduko bere osotasunean. Elorriagak honen sorreran lagundu egin du baina pantailarako bidea luzea da. Aldaketa anitz egin dituzten arren, sekuentzia batzuk liburuan kontatzen diren pasarteen antza dute guztiz. Beste batzuetan, aldaketak egin dituzte istorioarekin bat egiteko. Liburuan ageri den umoreari erreparatuz, mantendu egin dute, baina pertsonaiei egokituta.
Unaik oso pozik hartu du bere eleberria pantaila handira pasatzeko eman dioten aukera. 2002an, duela bost urte, luzatu zioten proposamena eta handik aurrera ibili dira pelikularen ingurukoak prestatzen eta laguntzak bilatzen. Bera Filologian lizentziaduna da eta Labayru Ikastegian lan egiten du itzultzaile moduan. Bestalde, hainbat komunikabidetan zutabeak idazten ditu, baina inoiz ez da aritu zineman. Haren ustez, pelikularen bidez, bera ezagutzen ez duenak hemendik aurrera ezagutuko du edo bere liburua irakurri ez duenak geroan egingo du. Bestalde, asmoa dute filma Alemania edo estatu frantsesean proiektatzeko.
«SPrako Tranbia» lanarekin 2001ean Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen. Lucas, pertsona askorengan oinarritzen da: Unairen osabak, aititea, bere amaren lehengusua... jende asko hartu zuen bera sortzeko. Baina fisikoki bakarra zuen buruan, bere aititearen osaba. Haren erretratua aktoreei eraman zien ezagutu zezaten eta haien ustez, Hector Alterioren antza handia zuen. Ikusgai dago nola moldatzen den pertsonaiarekin.
Elorriagak bere liburu osoan ez du tokien izenik adierazi, historioa ez da eta herri zehatz batean gertatzen. Hau apropos hartutako erabakia izan zen, autorearen esanetan. Hala ere, eleberria idazten ari zen bitartean, Algorta zuen beti gogoan. Jaioterriko Kai Zaharreko eskailerak edo eliza zeuzkan buruan. Aitzol Aramaio, filmaren zuzendariak, liburuko pasarteak non gertatzen ziren galdetu zionean, herri bizkaitara aipatu zion Unaik. Orduan, Aramaio eta filma aurrera ateratzeko beharrezkoa zen produkziorako taldea, Algortaraino hurbildu zen eta agertokiak zeintzuk ziren ikusita, bertan grabatzea erabaki zuten. Herriak islatzen duen baretasuna eta nortasuna argi azaltzen dira liburuan eta aproposak dira filmerako ere.
Dena-den, nahiz eta Algorta izango den agertoki printzipala, Gorlizko ospitalean eta itsasadarreko herri batean grabatuko dira beste pasarte batzuk. Oraindik ez dago zehaztuta Portugaleten edo Sestaon izango den, baina bertan finkatuko dute Lucas pertsonaiak pelikulan erabiliko duen aroztegia. Elorriagak proposaturiko herriak kamerak izango ditu kaleetan egun batzuez.
I.R.