GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zazpi banketxeri eta Bake Epaitegiari eraso egin diete ezezagunek Zornotzan

Astelehen gauean, Zornotzan izan ziren kale eraso esanguratsuenak. Bertan zazpi bankuetako bulego eta Bake Epaitegia izan ziren erasoen jomuga. Donostian ere batzoki bati eraso egin zioten eta Gasteizen, bertako Udalaren ibilgailu bati.

p012_f02_423x125.jpg

GARA | ZORNOTZA

Astelehen gauean hainbat kale eraso izan ziren Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.

Gertakaririk esanguratsuenak Zornotzan jazo ziren. Bertan, Bake Epaitegiari eta zazpi bankutako bulegoei eraso baitzieten.

Erasoak 23.00ak aldera abiatu ziren, hasiera batean zenbait lagunek zabor edukiontziak irauli zituzten hainbat kaletan eta, ondoren, bake epaitegiari eta bankuetako kutxazain automatikoei eraso zieten molotov koktelekin. Zehazki, BBK-ren bi kutxazaini, eta BBVA, Banco Pastor, Banco Santander, Banco Popular eta Banco Guipuzcoanoko bulegoei.

Urbano Larruzea kalean dagoen BBK-ren kutxazaina izan zen kalte gehien izan zituena. Hala eta guztiz ere, erasoek kalte txikiak eragin zituztela agertu zuen Lakuako Barne Sailak.

Gipuzkoan, aldiz, Donostian izan zen kale erasoa. Hernani kalean dagoen EAJren batzokia izan zen erasoaren jomuga. Gaueko 23.30ean jazo zen eta Gasteizko Barne Sailak emandako informazioaren arabera, jaurtitako molotov koktelek ez zuten kalte handirik eragin.

Gasteizen, ordea, bertako Udalaren ibilgailu bat atakatu zuten. Erasoa, Arabako hiriburuko Iturritxu kalean jazo zen, eta udaltzainak eta suhiltzail- eak hara joan arren, ibilgailua erabat kiskalita geratu zen.

Polizia iturrien arabera, eraso zioten ibilgailuaren azpialdean spray pote bat topatu zuten.

Gaitzesteko mezuak

Kale erasoen ostean, ohikoak diren gaitzespen mezuak helarazi zituzten esparru desberdinetako politikariek.

Lakuako Justizia sailburu Joseba Azkarragak «fierki» gaitzetsi zituen astelehen gaueko erasoak. Argentinatik igorritako prentsa oharrean, Joseba Azkarragak «beste indarkeri kanpaina baten aurrean» egotea deitoratu zuen.

Haren aburuz, indarkeria mota hau «onartezinezko jardunbidea» den arren, are «larriagotzat» jo zuen Bake Epaitegiei eraso egitea; horiek baitira, Azkarragaren ustez, Justizi administrazioaren «lehen kate-begia», herritarrengandik hurbilen dagoen elementua hain zuzen ere.

Begoña Errazti buru duen alderdiak ere, gaitzezteko mezuak izan zituen hitzetik hortzera. EAren aburuz, kale bo- rrokak «demokraziaren oinarrizko printzipoei eraso egin eta gizartearen haserre eta gaitzidura» sortzen du. Alderdi horrek gainera, bakea eta normalizazioaren bidean era horretako erasoak «antzuak» direla nabarmendu zuen.

Bide beretik, Aralarrek ere gogor kritikatu zituen jazotako kale erasoak. Elkarbizitza eta bakea lortzeko «trabak besterik ez» direla deritzo alderdi horrek.

EBko Gipuzkoako koordinatzaile Antton Karrerak, aldiz, «indarkeria-adierazpen oro desagertzeko» lan egiteko galdegin zion Batasunari. Era berean, erasook gaitzesteko eskaera egin zion.

PSEren Exekutiba ez zen isilik gelditu eta prentsa ohar baten bidez, joan den astelehenean jazotako erasoei, euren «gaitzespen indartsuena» plazaratu zieten.

Patxi Lopezen alderdiaren iritziz, «onartezinak» dira era horretako erasoak. Gainera, ekintza horien bidez, «proiektu totalitarioa inposatu nahi izatea» salatu zuen.

PSEk igorritako oharrean, EAE-ANVrengana zuzendu eta eraso horiek gaitzestera deitu ditu. Era berean, «indarkerian babestu gabeko politika» egin nahi dutela ekintza eta erabakien bidez frogatu dezatela exijitu zuen.

Gipuzkoako PPko presidente Maria Jose Usandizagaren ustez, horrelako erasoen oinarrian «indarkaeriaren bidez ezarri nahi izatea» dago. Haren aburuz, «erradikalek ez dute ez alderdiak, ez eta gizartea ere errespetatzen» eta indarkeriari uko egiteko «prestutasunik ez» dutela salatu du.

Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkari Paulino Luesmak ekintza horien egi- leak «legearen aurrean erantzungo dutela» adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo