GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Munduko besta onenak

Ezagutza, jakintza, ibilian-ibilian pilatzen bada, jakintsua naizela errateko moduan nagoela uste dut. Besta kontuan bai, bederen.

Afizio lehenbizi, noizbait bizio -adikzio?- eta gaur den egunean -akats larria, Xabi-, ofizio; luzerako ez den seinale. Edo agian bai, ez oraindik ospatu badaezpada ere. Zenbat aldiz ez ote dut taberna oso bat agurtuz gaua igaro, etxera nindoala erranez, eta biharamunean beste ia guztiak erretiratu eta ni oraindik han, bertan, bestan. Zenbat aldiz!

Planak egitearen alderdi ederrena, planak ez betetzearena. Denok dakigu aldez aurretik parranda bat prestatzen zenbat eta energia gehiago xahutu, hainbat eta besterikgabekoagoa irudituko zaigula besta hori. Sinmasekoa izango da. Hori bai, etxeko zapatilekin kafea hartzera atera eta gutxien uste zenuenarekin elkartzerakoan zein ongi pasa daiteken eta ordulari batek zein abiadura azkarra har dezaken ezin da, gertatu arte, imajinatu ere egin.

Eta behin nire curriculum akademikoa frogaturik, esperientziaren mintzoa: gaur egungo bestak kaka zaharra dira! Besta egitea gustatzen ez zaien pertsonek antolatuko dituzte, bestela oso txarrak dira. Eta hagitz gaiztoak. Nahiz eta, zergatik ahazturan erori, egitarauei erreparatzen badiegu, ohartuko garen milioika euro hain modu desegokian botatzeko ez dela edozein pertsona gai. Hor, meritua badute askok. Artista profesionalak kontratatu eta egurrezko aulki plegableak ez daitezela faltatu, kriston besta egin beharrak gara-eta!

Gero, udaletxeko plazan, txarangak dantzarien artetik berbenakoek soinu probak egiten dituzten bitartean igaro behar duenean, askatu betizu bat eta kanta dezatela bertsolariek kioskotik; gure herriko bestetan ez baita deus ere falta! Eta egurrezko aulki gehiago behar badira, eskatu lasai, txar-txarrenean elizakoak ekarriko ditugu! Gora bestak!

Haurrekin behintzat, ongi portatzen dira. Gaztelu puzgarriak. Ez ahaztu gaztelu puzgarri batetik bestera desberdintasun handia dagoela, ez dela inoiz ere izaten aurreko egonaldia hurrengoaren berdina. Buruz gora etzan daitezke, buruz behera, saltoka ari -gorantz bakarrik, momentuz-, eta umeek ia inoiz egiteko aukerarik izaten ez dituzten gauza hain zirraragarri horiek. Horregatik dira doan eta barraketan, aldiz, ordaindu egin behar da.

Ongi goaz, ezin hobe, egia erran. Tabernak geroz eta goizago itxi behar izaten dituztenez, gero eta lehenago jaiki gintezke ohetik meza nagusira joateko. Bidean goazela, gaupasero usain txarreko horien txorakeriak pairatu behar izan gabe gainera. Horrela bai! Ostia batzuk jan, ardo garestitik pixka bat edan eta merketik barra-barra; kalamare batzuk eta azeitunak, antxoadunak mesedez, eta marianito bat bi limoi pusketarekin, ez bada molestia.

Manbo! Manbazo! Euskal Herriko bestak munduko besta onenak dira! Arazo bakar bat baizik ez diet ikusten nik: bestak ez dira ikusteko, bestak egiteko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo