Bandera espainola eraikin orotan egon behar dela berretsi du Madrilek
Estatu espainoleko eraikin publiko orotan bandera espainolak «leku esanguratsua» izan behar duela berretsi du beste behin ere Madrilgo Gobernuak. Gainera, Paulino Luesmak, Lakuak Auzitegi Gorenaren ebazpena bete ezean, neurriak hartuko dituela ohartarazi du.
GARA | DONOSTIA
Eraikin publikoetan bandera espainolak «lehentasunezko tokia» izan behar duela nabarmendu du beste behin ere Gobernu espainolak. Haren ustez, gainera, bandera horrek Konstituzio espainolaren «goi mailako baloreak» irudikatzen ditu.
ERC alderdiak Kongresu espainolean duen eledun Joan Tardak idatziz igorritako galderari erantzun gisa, Jose Luis Rodriguez Zapatero buru duen Gobernuak bandera horren eta besteen erabilpena «era argi batean araututa» dagoela azaldu du. Gainera, erkidego autonomoetako bestelako banderekin batera, legeak eraikin publiko orotan bandera espainola jartzea derrigortzen duela ohartarazi du.
Auzitegi Goren espainolak berriki emandako ebazpenean Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko eraikin publiko guztietan bandera espainolak egon behar duela zioen eta, hortaz, Gasteizko Gobernua epaia betetzera behartu zuen.
Epaiaren arabera, beraz, bandera espainola administrazio espainol, autonomiko edota herrietako eraikin orotan derrigor egon behar dela esaten da.
Ebazpen horren aurrean, ordea, Kataluniako ERC alderdiak bandera eta bestelako sinboloen inguruko hainbat galdera igorri zizkion Gobernu espainolari, horien inguruan dagoen legeria «gogortu eta murriztu beharra» ikusten zuen argitzeko.
Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmak, aldiz, Lakuak Auzitegi Goren espainolaren ebazpena bete ezean, epaiaren betetzea bermatzeko Auzitegi Gorenera zuzentzeko gaitasuna duela ohartarazi zuen atzo.
Komunikabideei igorritako ohar batean, erakundeak «legalitate printzipio eta Justizia Auzitegien erabakien errespetuan» oinarritu behar direla gogoratu zuen.
Ordezkari espainolak, aurreikusitako legezko epeak aztertzen ari dela adierazi zuen. Epeak behin igarota epaia bete ezean, ordea, bere kabuz Auzitegi Gorenarengana joko duela esan zuen. Gainera, «era egokienean aritzeko», Estatuko Abokatutzarekin lankidetzan arituko dela nabarmendu zuen.
Luesmaren aburuz, bandera espainolak «herritar ororen ondare eta guztien arteko lokarri» izan behar du.
Bilboko Udaleko PPko bozeramaile Antonio Basagoitik ere izan zuen zer esana aferari buruz; berak ere Auzitegi Gorenaren epaia betetzeko exigitu dio Bilboko gobernu batzordeari. Hori egin ezean, «legalitatea ez onartzeak ekar ditzakeen ondorio judizialen aurrean erantzun» beharko dutela esan zuen.
Antonio Basagoitiren aburuz, indarrean den legezkotasuna betetzeko eskaria, «ez da sumintzeko saiakera, gauzak normaltasunez egitea bermatzea baizik».
Legeak dioena «derrigorrez bete behar dela» uste du PPko eledunak eta, hortaz, herritarrei eman dakieken eredu onena, erakundeek berek betetzea dela deritzo.
Hala eta guztiz ere, banderaren afera Bilboko alkate Iñaki Azkunaren erantzunkizun soila ez dela esan eta udal batzordearen ardura dela gaineratu zuen. Gainera, Azkuna salatzea «inolako ilusiorik» ez diola egiten nabarmendu eta Bilboko alkatea «EAJk duen onenetakoa» dela adierazi zuen.
Bigarren planoan
EBko koordinatzaile orokor Javier Madrazok ere hitz egin zuen atzo eta banderen inguruan sortutako ika-mika «bigarren planoan» uztearen alde agertu zen. Era horretan, «gizartearen liskarrak desaktibatuko» liratekeela deritzo.
Madrazoren ustez, banderak, haren izaera sinbolikoa dela-eta, «beti dira aurkakotasunaren ikur». Banderek, nortasun sentimenduak «haserre bizian jartzen dituztela» eta «beharrezkoak ez diren liskarrak» sortzen dituztela ere nabarmedu zuen. Horiek horrela, «politika adimendunen alde» egin zuen.