«Zer da Donostia? Toki anitzetan irakurri dut. Non dago?»
Kaixo, egun on. Badakizue non den Zara dendaren bat? -galdetu ziguten busti-busti egindako turista batzuek- Arropa idorra behar dugu eta zerbait merkea erosi nahiko genuke». Atzo gogotik egin zuen euria Donostian, hondartzako ekintzak bertan behera utzi zituzten, puzgarriak geroago haizatu, baina kanpotarrak ez ziren beldurtu.
Maider IANTZI
Udan Gipuzkoako hiriburua bisitariz betetzen dela ez da gauza berria. Informazio bulegoetan ez dute oraindik abuztuko daturik, baina uztailean 44.000 turista baino gehiago izan ziren Reina Regenteko, Alderdi Ederreko eta Pio XIIko guneetan. «Zer da Donostia? -galdegiten dio jende anitzek Arantzazu Reina Regenteko langileari-. Toki pila batean irakurri dut izen hori eta ez dakit zer den. Non dago?». «Donostia hiriaren euskarazko izena da», azaltzen die neska gazteak harriturik. Eta berehala etortzen da hurrengo galdera: «Zer da euskara? Euskaraz hitz egiten duzu normalean? Hala egiten dute bertako herritarrek?». «Bai, bizitza euskaraz egiten dut, bulegoan izan ezik».
Zur eta lur gelditzen da Arantzazu halakoak adituta. Batzuek hiriaren izena ere ez dakite! «Emango didazu plano bat... zera... hemengoa?», eskatzen diote. Hala ere, hain informazio eskasarekin etortzen direnak gutxiengoa dira.
Jaietan eta, orokorrean, abuztu osoan italiar ugari izaten da hirian; gazte koadrila asko eta bikoteak ere bai. Anitzek ez daki bestak direla ere eta azkeneko unean joaten da bulegora lo egiteko toki eske. Arantzazuk eta udan informazio guneetan aritzen diren bertze hogeita bat langileek ez dute lan erraza denei aterpea aurkitzen, ostatuetan toki falta izaten baita. Bulegoko ateak ireki baino lehen han izaten dituzte kanpotarrak, zain. Atzo goizean bertan izan ginenean ere mugimendua nabari zen; euri zaparradak ez zien turistei Donostiako arkitektura, kaleak, hondartzak eta jaiak ezagutzeko gogorik kendu. Izan ere, «asko gustatzen zaie hiria». Festetara datorrenak badaki musika asko dagoela; suei eta zezenei buruz ere sarri galdetzen dute, eta euskaldun ugari joaten da informazio guneetara egitarauaren bila.
Urritik ari da Arantzatzu Donostiako turismo bulegoan, baina denbora gehiago darama arlo horretan lanean eta egun euritsuak konplikatuagoak izan ohi dira beretzat. Eguzkia bada, karriketan paseatuz, hondartzan edo mendian gozatzen dute; bertzela, bulegora joaten dira zera erranez: «Euria ari du. Zer egingo dut?». Museoak, elizak, erakusketak eta halakoak ikustea aholkatzen diete.
Ez dut ezagutu gabe hil nahi
«Aupa, egun on! Zer ikus dezaket?». Hamaika aldiz aditu du Arantzazuk galdera bera. «Batzuei erantzuten diezu eta konforme gelditzen dira; beste zenbaitek, berriz, interes izugarria azaltzen du eta informazio sakonagoa nahi izaten du», adierazi zigun. Britainia Handia, Estatu frantsesa, Belgika, Herbeherak, Australia, Zeelanda Berria, Ameriketako Estatu Batuak, Irlanda... Toki dezentetatik etortzen dira turistak. «Israeldarrak ere badira hirian eta atentzioa ematen dit horrek. Oraintxe egon naiz bi bikoterekin», erran zigun Arantzazuk. Kanadarrak ere ugari dira, eta hegoamerikarrak: Kolonbiakoak, ekuadortarrak, argentinarrak... Asteburu batean irlandar pila bat etortzen dira eta Biarritzen egiten dute denek lo; hurrengoan beste toki batekoak animatzen dira... Kataluniako eta Madrilgo herritar anitzek bisitatzen du hiriburua.
«Semea eta senarra animatu ditut hona etortzeko. Ez nuen hil nahi Donostia ezagutu gabe». Halakoak maiz entzuten dituela erran zigun Arantzazuk irrika. Italiarrak ingelesez solasean hasten zaizkio eta harrigarria iruditzen zaio italieraz ez egitea, gaztelaniaren hainbertzeko antza izanda. Pisu batek zenbat balio duen ere galdetzen diote bisitariek. Eskaera guztiei erantzuten diete langileek, bulegora joaten direnen zalantzei zein posta elektronikoz eta telefonoz egiten dizkieten galderei.
Bulebar aldetik Alderdi Ederrera jo genuen, etengabeko euripean. Bertan, kristalezko kabina ttipi baten barrenean egon ohi da Lasarteko Miguel, turistentzako autobuseko txartelak saltzen, ordutegien berri ematen, ibilbideak zein diren azaltzen, aholkuak ematen... Gehienbat ingelesez aritzen dela jakinarazi zigun mutil gazteak: «Nola edo hala, baina moldatzen gara». Hasiberria da Miguel; astebete baino ez darama eta hagitz kontent dabil, lasai-lasai. Egunaren eta eguraldiaren araberakoa omen da salmenta, astegunetan jende gehiago ibili ohi da asteburuetan baino; baina batez beste berrogei bat txartel saltzen dituzte egunean. Berekin solastatu ginenean euri anitz ari zuen eta oraindik ez zuen txartel bat ere saldua, baina eguraldia hobetzen joan zen eta atertu zuenerako makina bat lagun hurbildu zen leihatilara. Pareko bi tren turistikoak ere lozorrotik ernatu eta paseatzera abiatu ziren, Fernando eta Daniel gidariekin.
Arteari begira titia ematen
Trenetik hondartzak, katedralak, ibaia, Kursaala eta hiriko txoko ezagunenak ikusi eta historiari buruzko azalpenak aditu bitartean, guraso batzuek umeei pixoihala aldatzen diete eta zenbait amak titia eman ere bai. Hala kontatu zigun Fernando gidari donostiarrak. Bost urte darama lan horretan eta gustora dago, nahiz eta zenbaitetan gaizki pasatu, jendetza dagoenean eta denengana iritsi ezinik ibiltzen direnean. Frantsesak, ingelesak, errusiarrak, irlandarrak, italiarrak, australiarrak eta bertze hainbat tokitako bisitariak ibiltzen dira trenean; ez jaietan bakarrik, urte guztian.
Gironako Miriam eta familia ibilgailu zuri-urdinera igotzekotan ziren; Galizian daude oporretan eta Donostiara etorri dira hiru egun pasatzera. Paqui eta Eduardo ere katalanak dira, Tarragonakoak hain zuzen, eta informazio bulegora zebiltzan, karabanarekin dabiltzan Belgikako Marina eta bere mutil-laguna bezala. Gipuzkoatik Nafarroara joateko asmoa dutela jakinarazi ziguten Kontxako hondartzari argazkiak egin bitartean. Madrilgo Rafaela eta Alberto, berriz, oroitzera etorri dira, orain 33 urte, ezkonberritan eta Rafaela haurdun zegoenean izan baitziren hemen. Inguruko herriak ezagutzeko ere baliatuko dute bidaia.
GAZTE EGUNA
13.00 Gazte independentistek manifestazioa eginen dute Bulebarretik abiatuta, «Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» leloarekin.
Ondoren Herri bazkaria.
16.00 Euskal kantak, Alde Zaharrean.
18.00 Sagardo dastatzea, Alde Zaharrean.
21.00 Dantzaldia Unsain anaiekin, Alde Zaharrean.
UDALAREN EKINTZAK
Egun osoan Eskulangintza Azoka Gabiltza taldearekin, Vinuesa plazan.
16.00-19.00 Aste Nagusiko VIII. Street Basket Txapelketa, Alderdi Ederren.
17.00 Hondartzako herri Voley Txapelketa, Zurriolan.
17.00 Hip-Hop lantegia, Dancin' Ladies, Koldo Mitxelenan.
22.45 Galiziako Rocha-Areasen su artifizialak.
23.30 Beste Bat erromeria, Konstituzio plazan.
23.45 David Civera, Saguesen.