Prestaketa lanak
Hogeitalau ordutan bi neurketa jokatuta itxiko du denboraldi-aurrea
GARA | EIBAR
Eibar Kirol Elkartea denboraldi-aurrea prestatzen ari da. Isileko lan gogorra da «Manix» Mandiolaren gizonek egunotan egiten ari direna. Hala ere, lantzean behin partidak ere jokatu behar dituzte, abuztuaren 26an denboraldiari Ferrolen ekiteko.
Ondorioz, talde armaginak hogeitalau orduren buruan neurketa bi jokatu behar ditu. Gaur, 19.00etatik aurrera amurrion izango dute partida bertoko taldearen aurka eta bihar bertan, 18.00etan hasita, Nojan izango dute hitzordua gipuzkoarrek, etxeko taldearen aurka denboraldi-aurreko azken neurketa jokatzeko.
Hala, asteon Ipuruan egin dituen entrenamenduetan hainbat argibide eskaini ditu «Manix» Mandiolak. Alde horretatik, zelai erdia indartzea du helburu eibartarren entrenatzaileak eta aurrelari bakarra erabiliko luke. Uneotan Albert Yague izango litzateke armaginen jokalaririk aurreratuena.
Balizko fitxaketak
Dena den, nahiz eta Gipuzkoako taldeak nahiko lotuta daukan 2007/08 denboraldirako lan taldea, oraindik ere fitxaketaren bat edo beste egiterik badauka.
Ondorioz, azken albisteek diotenaren arabera, lehen mailatik bertan behera utzitako jokalariei so omen dago Jaime Barriusok zuzentzen duen taldea. Aspaldidanik jakina da beste aurrelari bat gustora hartuko luketela Eibarren, baina izenik ez da ageri oraindik.
Esaterako, Zornotzako jokalari Asier Goiria Eibar KEk uneotan dituen aurrelarietako bat da. Aurten iritsi da Eibarrera bizkaitar gaztea eta, Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan, «gustora» azaldu zen Eibarren egin dioten harreraz. Balizko fitxaketarik egitearen harira, aldiz, onartzeko prest azaldu zen.
«Normala da taldeak jokalari gehiago nahi izatea. Bigarren mailan konpetentzia handia dago eta gainera konpetentzia hori taldearentzat ona dela esango nuke. Zenbat eta handiagoa, orduan eta lan handiagoa egin behar da jokatu ahal izateko. Beraz, taldearentzat are hobe. Ni neu aurrelaria naiz eta golak sartuta erakutsi behar badut, bada, hortarako gaude. Ondorioz, ongi deritzot taldera beste aurrelariren bat baletor», adierazi zuen.
Aurrelariaz gain, ordea, Athleticeko jokalari ohi Ibon Gutierrez erdilaria ere eibarrera iristekotan legoke. Castellon jokatu du azken urtean eta Levanteko taldeak ez lioke erdilari bizkaitarrari irteteko arazorik jarriko.
Alabaina, Eibar KE ez da Gutierrezen eske dabilen talde bakarra. Albacetek ere bilbotarra fitxatu nahi luke.
Sarrera salmenta
Eibar eta Realak irailaren bian Ipuruan jokatuko duten neurketarako sarrerak abuztuaren 20tik 24ra jarriko dira salgai Eibar KEko bazkideentzat. Bestela abuztuaren 30tik aurrera egongo dira eskuragai. Salneurria 60 eta 70 euroren bitartean egongo da, klubaren «laguntza egun» izendatu baitu Eibar KEk.