GARA > Idatzia > Ikusmira

Peruk laguntza behar du, orain eta lehen

Peruko erdialdean eta hegoaldean gertatutako lurrikarak lehenik hildako ugariren kalte konponezina ekarri du eta, bigarrenik herrialde hartako azpiegituren hondamendia, milaka bizilagun etxebizitzarik gabe utzita. Horrelako ezbeharrek nazioarteko laguntza eragin ohi dute eta, izan ere, laguntzarako une dira, jakina, baina hausnartzeko motibo ere izan beharko lukete. Sortzen diren galderetako bat izan liteke zergatik laguntza-mobilizazio hori ezbeharra hedabideetako lehen berria denean baino ez den gertatzen. Laguntza hori katastrofea gertatzen den lekuko biztanleak, edo gehien erasaten dienak, pobreak direla jakinda jartzen da abian, baina pentsatzekoa da aurreko egunetan ere ez zirela oparotasunean biziko. Eta pentsatzekoa laguntza kanpaina horiek komenientzia-elkartasunetik gehiago dutela milaka lagun ezbehar eta eskasia egoeratik ateratzeko asmo solidariotik baino. Peruko lurrikarak pezozko etxeak jo ditu gehienik, apalenak, alegia. Katastrofeek herri edo gune txirotuetan -«lehen munduan» ere baitago «hirugarren mundua»- eragin bortitzagoa izaten dute, eta ezbehar natural batek izan dezakeen ondorio larria askoz larriagoa da pobrezia nagusi den guneetan. Eta pobrezia ez da ezbehar naturala. Gaur Peruk premia biziko laguntza behar du, eta eman behar zaio. Baina atzo eta aurrerantzean ere behar zuen eta beharko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo