Kontxako Estropada
Donostikoen arteko sailkapen estropada araudi aldaketak baldintzatuta dator aurten
Donostia Arraun da, irabaziz gero, txartela eskura dezakeen ontzi bakarra
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Donostia Arraun eta Ur Kirolak traineruek gaur arratsaldean jokatuko dute Donostiako taldeen ohiko sailkapen estropada Kontxako Banderari begira (19.00, Donostiako badia). Aurtengoa, ordea, ekitaldi berezia izango da, Donostiako Udalak estropadaren araudian aldaketa nabarmenak egin dituelako. Gaurko irabazleak KAE Ligako lehen multzoko lehen zortzi sailkatuen artean egon beharko du nahitaez Kontxan arraun egin ahal izateko. Donostia Arraun zortzigarren dago eta, beraz, ez luke arazorik izango irabaziz gero; baina Ur Kirolak hamaikagarren dago KAE-1 Ligan eta deskuidoan gaurko estropada irabaziko balu, garaipena erabat alferrikakoa izango litzateke.
Iñaki Aranak, Ur Kirolak Arraun Elkarteko presidenteak, ezin hobeto laburbiltzen zuen gaurko estropadaren zoritxarreko funtsa aurreko igandean Lekeition: «Guk ez daukagu ezertxo ere irabazteko, eta Donostia Arraunek den-dena dauka galtzeko». Esaldi borobila, alafede. Izan ere, Ur Kirolakek jada ez dauka inolako aukerarik KAE Ligako zortzi onenen artean sartzeko eta, beraz, ezinezkoa da berentzat Kontxan arraun egitea. Donostia Arraun da, horrenbestean, iraileko lehen bi igandetan Kontxan egon daitekeen Donostiako ontzi bakarra, baina antolakuntzak baldintza arriskutsu bat jarri dio: gaurko sailkapen estropada irabazi beharra. Lehian bi traineru bakarrik izango direla kontuan hartuta, zentzu gehiegirik ez duen erabakia dirudi.
Betiko kontua
Araudi aldaketarekin antolakuntzak lortu nahi zuena oso argi dago: denboraldiko estropadarik garrantzitsuenean parte hartzeko Donostiako ontziei gutxieneko maila bat eskatzea. Baina ez hori ziurtatzeko aukeratutako bidea, ez eta erabakia hartzeko unea, ez dira egokiak izan. Aldaketak egiten hasita, gutxienez denboraldia hasi baino lehen egitea komeni zen, eta traineruen benetako maila bada kontuan hartu nahi dena, agian hobe izango litzateke ligako sailkapena errespetatzea beste estropadarik egin gabe.
Azken batean, kontu horren guztiaren atzean dagoena azken urteetan arraunzaleen artean bueltaka dabilen betiko galdera da: bidezkoa al da goi-mailako hainbat traineru denboraldiko estropadarik garrantzitsuenetik kanpo geratzea eta maila baxuagoko Donostiako ontzi bat bertan egotea?
Galdera horri erantzutea antolatzaileei bakarrik dagokie eta erabakia haiek hartu beharko dute. Baina eskertzekoa litzateke erabaki hori hartzerakoan arraun munduan dabiltzan pertsonen iritzia kontuan hartzea. Batez ere, donostiarrena.