BERRIA
Jose Maria Bravori
Pako Aristi 2007/8/14
Zuri idazten dizut gutun hau, Bravo jauna, errespetu guztiarekin, Irungo Ogasuneko zuzendari ohiaren karguagatik baino gehiago preso politikoa izateagatik. Hala zara ezta? EAJren politika neoliberalaren presoa bai, behintzat.
(...) Zure istorioa agertu zenean, hasiera batean ilusioz irakurri nituen berriak. Ustez dirua kentzen omen zenien aberatsei (oraindik ez daukazu kondenarik, eta horregatik «ustez» erabili behar da zurekin, bestela gauza zara kereila bat jartzeko nire kontra), horregatik pentsatu nuen Robin Hood berri bat ote zintugun: enpresaburu, etxegile eta negozio gizonei dirutza handiak eskatzen zenizkien, ziur aski haien joko beltzak ezagututa, eta hauek zintzo ordaintzen zizuten eskatutakoa, haien aurkako auziak paperontzira jaurtiaraziz. Ze ondo, pentsatu nuen: hona hemen tipo bat ekonomia ofizialaren itzaleko esparruan, diru beltzaren eremuan eskua sartzen hasi dena.
Dena garbitu nahi zenuela pentsatu nuen, eta legez kanpoko diru hura pobreen artean banatuko zenuela. (...)
Robin Hoodena esan dizut, nire kasu bat gogoan hartuta. Lizentzia fiskalaren 5.000 pezeta ordaindu gabe utzi nituen urte batean, hazienda atzetik izan nuen pare bat urtean zor hura kitatzeko, eta azkenean kontu korrontea blokeatu zidaten eta 50.000 pezeta kendu, prozesua niri ordainaraziz. Txikiekin halako seta eduki ondoren, hona hemen handiekin ausartu den bat, pentsatu nuen.
Robin Hood. Polita zatekeen. Prest geunden zuri «Biba» eta «Brabo» handiak oihukatzeko. Baina azkenean Bravo soilean geratu zara. Ondo joan dakizula egonaldia. Eta ikasi. Esperientzia txarretatik ere asko ikasten da eta.