Guardia Zibilaren jarrera salatzeko bi mozio onartu ditu Etxarriko Udalak
Bestetan, euskal presoen aldeko mobilizazioetan, Guardia Zibilak erakutsitako jarrera dela-eta, bi mozio onartu ditu Udalak. Horietan, eragindako kalteen ordaina galdegitea eta akusazio gisa lekukotzea adostu du.
GARA |
Etxarri Aranazko bestetan euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde antolatu zituzten mobilizazioetan Guardia Zibilaren presentzia dela-eta, izandako istilu eta debekuen aurrean, bi mozio aurkeztu eta onartu ziren ostiralean, udaletxean egindako udalbatzan.
Bata, NaBaik aurkeztu zuen. Nafarroako Gobernuaren au- rrean Guardia Zibilaren «neurriz kanpoko jarreraren» inguruko kezka formal bat aurkeztera mugatzen zen. Idatzia aztertu ostean, mozioak aurrera egin zuen NaBaiko lau kideen babesarekin. Taldeko bi kide, ordea, Pedro Ignacio Elvira eta Iñaki Elvira, abstenitu egin ziren.
Beste mozioa, aldiz, EAE-ANVk aurkeztu zuen, eta aurreko txandan abstenitu ziren bi zinegotzien babesarekin egin zuen aurrera, alderdi ekintzaileko hautetsiak Alderdien Legearen ezarpena dela-eta, Udaletik at baitira.
Horiek horrela, mobilizazioen debekuekin herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratu egin zirela ulertu eta «indar biziz» salatzen du Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren jokabidea Etxarri Aranazko Udalak.
Era berean, abuztuaren 4an, jaien hasierarekin batera, pre- soen eskubideen alde egindako elkarretaratzean, Guardia Zibilak eragindako kalte material eta pertsonal guztien ordaina galdegin dio Udalak Gobernu espainolaren Ordezkaritzari.
Gainera, gertaera hauen ondoriozko kalteordainak eskatzeko abiatuko diren ekinbide judizialetan, Udalak akusazio gisa lekukotzea erabaki du.
Onartutako mozioarekin, Udala Guardia Zibilari zuzendu, eta ez Etxarri Aranatzen ezta Euskal Herrian ere «tokirik ez duela» adierazi eta erretiratzeko gonbita egin dio. Bestalde, euskal preso politikoen eskubideak jasotzen dituen dekalogoaren aldarrikapanerakin bat egin du.