GARA > Idatzia > Gutunak

JULIO SOTO EZKURDIA

Ikastolako autobus zaharra

Badira gauzak, gauzak baino ez direla iruditzen zaizkigunak. Denboraren poderioz ohartzen gara, ordea, zenbateraino balio izan duten gure bizitzan. Niri gauza bera pasa zait ikastolako autobus zaharrarekin.

Hiru urte bete berriak nituela, amak bizkarrean motxila jarri eta kalera atera ninduen. Goiz zen. Kale kantoi batean geratu ginen, non nire adineko ume gehiago zeuden. Ez zen denbora askorik pasa auto handi-handi bat iritsi eta amak gora bidali ninduenerako (geroago ikasi nuen auto handi-handi hura autobusa zela).

Nire lehen bidaia begiak malkoz bustirik nituela egin nuen, ama berriro ikusiko nuen ziurtasunik gabe.

Goizen erdietan lo joaten nintzen, autobuseko kalefakzio goxoa eta kanpoko iluntasuna tentagarriegiak ziren begiak zabalik eramateko. Arratsaldeetan eserleku gainean belauniko etortzen ginen (txoferra asaldatzen bazen ere), egunari errepasoa emanez.

Denbora aurrera joan zen eta gu haziz joan ginen, ordurako goizetan lo hartzeko betarik ez zegoen, ondokoari etxeko lana kopiatzeko edo azterketari azken (edo lehen) errepasoa emateko erabiltzen genuen. Arratsaldeko bueltak neskekin kortejatzeko aukera aparta bihurtu ziren.

Oso une bereziak bizi izan ditut autobusean, lagun pila egin dut, erreflexio momentu asko izan ditut bertan, ikara sentitu dut, maitemindu naiz, irri egin dut... ez nuen usteko, ordea, nire azken bidaian negar egingo nuenik, ez zen inor ohartu eta ez nuen ohartzerik nahi, baina bai, negar egin nuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo