Julen MURGOITIO
Finantzen fidantzaren mesfidantza
Ez dago planeta honetan espiritu santuaren misterioa ulertu dezakeen kristaurik, ez eta maileguen merkatuaren misterioa ulertu dezakeen ekonomistarik ere. Kontuak atera ekonomista kristaua bada! Eta gainera jelkidea bada, akabua! Tira, zaila egiten zait niri, zorionez ez ekonomista, ez kristau eta ez jelkide ez naizen honi, transfusioen logika ulertzea. Ziklista batek bere globulu gorrien likidezia bermatzeko odol-transfusioa egiten badu, bere gorputzetik bere gorputzera, segituan botatzen dute lehiaketatik, kode etikoa saihestu izanaren akusaziopean. Baina banku zentralek banku pribatuen irabazi beltzen likidezia bermatzeko diru-transfusioa, kontu batetik besterakoa, egiten badute, txaloka hasten zaizkie goizero Europan, lehenago Tokion eta geroxeago Wall Streeten burtsaren apologia etengabea egiten duten indize-trafi- katzaileak, merkatuaren kode etikoa bete delakoan. Etikak ezertarako balio ez duen seinale argia, kodetan saldu arren. Diruzko ekonomia eta alegiazko ekonomia aurrez aurre edo. Kontrakoa pentsatu bazitekeen ere mundu materialista honetan, ekonomia birtualak du lehentasuna hartua, diruzkoaren kaltean; espiritu santua bezain birtuala. Ekonomia finantzarioa, omen, ekonomia errealaren kontrarioa. Amen. Baina finantzak gero eta birtualagoak badira ere, fidantzak benetako dirutan ordaindu behar dira! Zeinek ulertu? Fidantzapeko askatasunean bizi da finantzetako ekonomia. Konfiantza barik mesfidantza sortzen dit finantzen fidantza modu horrek. Akabua! Gauzak horrela, eremu guztietan publiko izatearen alde egiteak ofiziala denaren kontra egitea dakar, halabeharrez, ofiziala dena esku pribatuaren eskularru bihurtu delako; eskularru zuria, lapur handien gustukoena. Are gehiago, eremu guztien alde egiteak orube guztien kontra egitea dakar, halabeharrez ere. Are gehiago ere, merkatuaren kontra egiteak azokaren alde egitea dakar. Eta balioaren kontra egiteak balorearen alde egitea. Hortaz, senak agintzen du herri-eraikuntzaren alde benetako apustua gauzatzeko hipoteka-mailegurik ez eskatzea, are gutxiago banku ofizialetan, eranskineko letra tamaina handikoa izanda ere. Hipotekarik ez, hipotesirik hipotetikoenean ere ez. Batzuen euribor-etikaren menpe ez geratzeko. Arriskua hartu behar bada ere.