Alberto Gomez Soto del Realen sartu dute Auzitegi Nazionalaren aginduz
Ertzaintzak Barakaldon atxilotu zuen Alberto Gomez, Soto del Realen espetxeratu zuten atzo, Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailearen aginduz. Hiru kale eraso leporatzen dizkiote.
Ertzaintzak ostiralean atxilotu zuen Alberto Gomez gaztea eta Soto del Real Madrilgo espetxean sartu zuten atzo, Auzitegi Nazional espainoleko Fernando Andreu espailearen aurretik pasa ostean.
Barakaldoko gaztearen abokatu Andoni Hernandezek GARAri esandakoaren arabera, 2001. eta 2004. urteen artean Bizkaiko Ezkerraldea eskualdean egindako hiru kale eraso egin izana leporatuta espetxeratu dute Gomez.
Berri agentzia espainolek zabaldutakoaren arabera, 2004. urtean Barakaldoko Udaltzaingoari egindako erasoa da 25 urteko gazteari leporatzen dioten ekintza. Orduan, hainbat ezezagunek lehergailuak, pintura eta bestelako objektuak jaurti zituzten herri horretako Udaltzaingoaren etxearen aurka.
Era berean, 2001eko uztailean eta urte bereko urrian Barakaldoko bi banketxetako bi kutxa automatiko kiskali izana ere leporatzen diote gazteari, etxean egindako lehergailuak erabilita.
Ostiralean jazo zen atxiloketa, Barakaldoko Bizkaia kalean Gomez familiak duen etxebizitzan, hain zuzen ere. Goizeko 11:00ak aldera ertzainak haren etxean sartu ziren, Gomez atxilotu zuten eta etxebizitzaren miaketa egiten hasi ziren. Arratsaldeko lehen ordura arte aritu ziren miaketa lanetan. Ondorenean, aldiz, Gomezen amonaren etxabe bat ere miatu zuten ertzainek. Miaketen ostean, zehaztu ez duten materialez betetako bi kutxa atera zituzten eraikinetatik.
Hala, miaketak iraun zuen bitartean hogeiren bat lagun bildu zen Gomezen etxe azpian, atxilotua ikusi eta babesa helarazteko helburuz.
Askatasunak jakitera eman zuenez, ertzainek ez zuten Gomez inkomunikatu eta, arratsaldean, Arkauteko polizia etxean egindako itaunketan bere abokatuaren laguntza izan zuen Gomezek.