GARA > Idatzia > Pilota

Zarautz Hiria Torneoa

Xala eta Laskurain finalean dira partidari buelta emanda

Olaizola I eta Patxi Ruiz izango dituzte aurrez aurre, Bengoetxea VI eta Begino garaitu ondoren (22-20)

p045_02_148x92.jpg

Aritz SORZABAL | ZARAUTZ

Xala-Laskurain eta Olaizola I-Patxi Ruiz bikoteek jokatuko dute gaur Zarautz Hiria Torneoko finala (18.00, ETB-1). Txapela janzteko aukera galduta zutela zirudienean, lapurtarrak eta gipuzkoarrak partidari buelta eman eta, azken momentuan, Bengoetxea VI eta Begino kanporatu zituzten (22-20).

Gauzak horrela, Aritzbatalde frontoian ostiral gauean jokatutako partidak emozioa izan zuen. Nafarrek markagailuan aurrea hartu zuten hasiera-hasieratik, partida erdirako 6-12 irabazten baitzihoazen. Abantailari eusteko arazo txikiren bat izan arren (12-16 eta 16-19), norgehiagoka poltsikoan zutela zirudien, Aritz Begino baitzen jaun eta jabe. Baina Oinatz Bengoetxeak eta haren atzelariak huts erabakiorrak egin zituzten eta aurkariak tanto batera hurbildu zitzaizkien (19-20).

Aritzbataldeko kantxan lehian zegoen beste Aritzek, Laskurainek, hain zuzen ere, ez zuen aukera alferrik galdu eta, Xalarekin batera -arazo fisikoak izan zituen-, partidari buelta ematea lortu zuen. 22-20koa markagailura igotzea lortu zuen bikote horrek, Bengoetxea VIren eta Beginoren kalterako. Laskurain bera partidako pilotaririk onena izan zen.

Ahazteko partida

Ostiraleko partidako irabazleek, beraz, Asier Olaizolaren eta Patxi Ruizen aurka jokatuko dute gaur Aritzbatalde pilotalekuan. Nabarmentzekoa da bikote horrek Gonzalez-Lasa III bikoteari 22-21 irabazi ziola joan den asteazkenean. Egia esan, partida hura akatsez beteta egon zen eta huts gutxien egin zuenak irabazi zuen.

Norgehiagokako gauzarik onenak Asier Olaizolaren defentsa eta jarrera izan ziren, gogotsu aritu baitzen. Beste guztia ahaztekoa izan zen. Dena dela, finala izanik, espero dezagun gaurko partida asteazkenekoa baino ikusgarriagoa izatea. Ez da zaila izango.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo