Hitza eta musika lagun, Kepa Junkera ez da luze aritu balkoian
Trikitia eskuan helduta, lehenengo pregoia bota eta, ostean, Bilboko jaietako doinua jo du, Marijaiaren kanta, alegia. Azpian, Arriagako enparantza milaka lagunek betetzen zuten, guztiak Junkeraren erritmoari jarraitzen. Bi hizkuntzetan, euskaraz eta erdaraz, irakurri du tarteka. Bere lehenengo konpartsa gogoratu du eta Aste Nagusi integratzaile baten alde egin du. Motza, baina musikak lagundu egin dio.
Ianire RENOBALES |
Arriagako Antzoki barruan, eta ohitura den moduan, aurten, Kepa Junkerak begi onez hartu dio erreleboa iazko pregoilariari, Marivi Bilbaori. Ohitura denez ere, antzokiko balkoira atera zen bere hitzak irakurtzera.
«Lehen urduriago nengoen, baina orain lasaiago; hala ere, momentu hau pasatzeko gogo itzelak dauzkat», esaten zuen Kepa Junkerak pregoia bota baino minutu batzuk lehenago. «Uste dut oso berezia izango dela balkoira igotzea eta hainbeste pertsonaren aurrean hitz egitea, ondo aterako zaidala espero dut eta jendea ondo pasatzea lortu nahiko nuke, horixe da nire helburua», gehitu zuen.
Lasai asko ibili zen Junkera Arriaga antzoki barruan. Baina balkoira irtetzeko ordua heldu zenean, barnean zeraman urduritasuna kanpora irten zen. Zail egin zitzaion adieraztea hitzen bidez une hartan sentitzen zuen guztia.
Pregoia hasteko euskara aukeratu zuen. Giroan sartzeko lau edo bost esaldi bota ostean, erdarara pasatu zen. Haren ustez, Aste Nagusia aldatu da denborarekin eta urte batzuk atzera egin zuen berarentzat oso berezia izan zen garai batera arte. Errekalde auzoko Kezkalariak konpartsarekin bizi izan zituen momentuak gogoratu nahi izan zituen. Ostean, konpartsa desberdinek egiten duten lana goraipatu zuen, bere ustez, oso garrantzitsuak baitira festa hauentzat. Ondoren, Bilbo hiriari buruz hitz egiten hasi zen. Junkeraren aburuz, etengabe eraldatzen ari den lekua da eta hoberantz egin du. Aste Nagusiko jaiak integratzaile gisa definitu zituen, pentsakera eta ideia desberdinekin, kultura nahasketekin eta arraza anitzekin.
Euskarara itzulita, egun hauetan Bizkaiko hiriburua bisitatzen duten turistak aipatu zituen eta bilbotar sentitzera gonbidatu zituen: «Aste Nagusia hastear dago, presta gaitezen, Marijaiari merezi duen omenaldia egiteko eta ahalegindu gaitezen egun hauetan Bilbo bisitatuko duten guztiak bilbotar senti daitezen».
Hitz egiten ari zela, Larraitz Cisnerosek txupina jaurti zuen eta jendearen algararekin batera ofizialki hasi ziren Bilboko jaiak. Xanpain botilak, arrautzak eta irina ere izan ziren, noski.
Bere hitzak amaitzeko, «Gora Marijaia! Gora Aste Nagusia! Gora Bilbao!», oihukatu zituen. Azpian, energia berberez erantzun egin zioten bilbotarrek. Txalo zaparrada baten ostean, segundo batzuk isilpean. Baina gutxi iraun zuten, Junkerak bere trikitia hartu baitzuen.
Musika amaitzeko
«Pregoia laburra da eta ostean, Mari Jaiaren kanta joko dut akordeoiarekin», esan zuen Junkerak pregoia irakurri baino lehen.
Iazkoa nahiko motza izan zela uste dute batzuek. Aurtengoa ere ez da luzeegia izan baina Marijaia jo izanak giro polita sortu du. Musikaria izanda, eta espero zen moduan, ez zien bilbotarrei hutsik egin eta jo egin zuen. Parrandazaleek saltoka eta abestuta hartu zuten beren kanta. Amaitzerakoan, beste txalo zaparrada bat. Balkoitik antzokira sartu ziren segituan Junkera eta besteak. Kazetarien galdera batzuk erantzun ondoren, zapi urdina lepoan lotuta, txosnetara abiatu ziren.
Bilboko Aste Nagusia hasi egin da eta festaz eta alaitasunez beteriko bederatzi egun dauzkagu aurretik. Atsedenerako denborarik ez da izango; pertsona eta gustu guztientzako aukerak daude. Kepa Junkerak, atzo, ozen oihukatu zuen moduan: gora Marijaia eta gora Aste Nagusia!